prentsa naf 2018.12.11

Hezkuntza  Salgai dokumentala

Aste honetan dokumentaI bat aurkeztuko dugu Iruñean, Hezkuntza Salgai izenekoa. STEILASen 40. urteurrena ospatzeko egin genuena.

Izenburuak argi uzten duenez,  hezkuntza sistemaren pribatizazioaz dihardu, gai garrantzitsuenetako bat da nola gelditzen den interes pribatuen menpe. Erakusten ditu kapitalismoak (ELGE, Europar Batasuna, Munduko Bankua…) diseinatutako hezkuntza politikak, sistema publiko–pribatuaren banaketa eta horren ondorioak, gehienbat mota guztietako segregazioak: jatorria, maila sozioekonomikoa, generoa edota hizkuntzena.

Egoera aztertzeaz gain, proposamenak ere aurkezten dira.

40 minutuan, aise eta erraz, gakoak ematen ditu ulertzeko irakasle askok bizi duten ezinegona. Hori dela eta, hezkuntzan interesa duten guztiak gonbidatzen ditugu abenduaren 13an, osteguna, Golem Baionara joan daitezen arratsaldeko 8:00etan. Sarrera librea da eta sarrerak eskuragai izanen dira 7:30etik Aurrera, zineman bertan.

Gaurko egoeraren azterketa

Beste aldetik, agerraldi hau aprobetxatu nahi dugu azpimarratzeko dokumentalean plazaratzen diren gaiak, oso lotuta baitaude Nafarroan bizi dugun egoerekin. Bereziki bi gai aipatzen ditugu:

      • 1. Hezkuntza kalitatea hobetzeko Ituna sinatu eta gero, Gobernuarekin harremana ez izatea, negoziazioa eten egin baita azken 4 hilabeteetan.

      • 2. Aurtengo aurrekontuak eta hezkuntzaren finantzaketa.

Negoziazio eza

Abuztuan ituna sinatu genuenean, esan ziguten irailean memoria ekonomikoa aurkeztuko zigutela eta jarraipen batzordean itunaren puntuak zehazten hasiko ginela. 4 hilabete igaro ondoren, nahiz eta biltzeko eskaera ahoz zein idatziz egin, ez dugu inolako erantzunik jaso. Erantzunak behar dituzten gaiak metatzen ari dira, bai itunari dagozkien aferak, zein Mahai Sektorialekoak ere: LEP, oposizioen deialdia eta oposizioen sistemaren hobekuntza (monografiko bat egiteko gelditu ginen eta aspaldian proposamenak bidali genituen). Gainera, eguneroko funtzionamenduarekin loturik daude xehetasun askoz informazioa partekatu behar da, esate baterako, Gizarte Segurantzako irakasle funtzionarioen jubilazioa.

Aurrekontuak eta eskola publikoa finantzatzeko legea

Aurrekontuen proiektuan % 8ko igoera aurreikusten da 1. Kapituluan (langileen soldatetan). Berri ona izan daiteke, edo ez. Alde batetik, KPI % 2 baino gehiago igo da, beraz, igoera % 6 baino txikiagoa da. Nahikoa da itunean jasotzen diren neurriei aurre egiteko? Zalantza handiak ditugu. Ikasturte honetan 130 lanpostu gehiago izan beharko lirateke Lehen Hezkuntzako irakasordu jaitsieraren ondorioz, eta irailetik aurrera 350 irakasle inguru Bigarren Hezkuntzan aplikatzen hasten denean. Beste lanpostu batzuk sortu behar dira adinagatiko murrizketak gauzatzeko. Ordezkapenetarako irizpideak hobetu (progresiboki nola ezartzen den negoziatu beharko genuke), diru gehiago ere beharko du…

Beste alde batetik, kezka handia sortu zaigu jakin dugunean gela itunduen kopurua gora doala, irakaskuntza publikoaren kalterako baita, segregazioa handitzen baitu eta sistema publikoa deskapitalizatzen.

Iaz sindikatu guztiok eskaera zehatz bat egin genien Parlamentuko talde guztiei, banan-banan, eta Parlamentuko hezkuntza batzordeari ere bai: hezkuntza publikoa finantzatzeko legea, progresiboki hurbiltzeko UNESCOk aholkatzen duen BPGaren % 6ra urteroko aurrekontuaren edota abagune ekonomikoaren gorabeheren menpean ez egoteko. Talde politiko guztien oniritzia jaso genuen, baina badirudi ahaztu zaiela.