FINANTZAKETA LEGEA HEZKUNTZA PUBLIKORAKO

2019ko aurrekontuetan, lehen aldiz legealdia hasi zenetik, ikusi dugu igoera esanguratsua hezkuntza alorrean. Aurrekontuak onartzen badira, 686 milioi euro zuzenduko dira departamentu honetara, iaz baino 33 milioi gehiago, 2018ko partidarekin alderatuta % 5 gehiago. Horrek dakar aurrekontuetan hezkuntzak duen pisua pixka bat igotzea, % 16tik % 17ra. Hala ere, aldagai hauek guztiak igo arren, Nafarroako Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 3,4 besterik ez da, UNESCOK aholkatzen duen % 6tik oso urrun.

I. kapituluak du aldaketa handiena (langileen soldatak), ia % 8ko igoera; hau da, 31 milioi gehiago gutxi gorabehera. Hala ere, igoera erreala % 6 baino txikiagoa izango da Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) % 2 baino gehiago igo baita. Partida gehikuntza honek, Hezkuntza Publikoaren kalitatea hobetzeko itunean adostu ziren neurriei aurre egiteko balio beharko luke.

Nahikoa izango da zuzeneko irakaskuntzako orduen jaitsierak inplikatzen duen kontratu berriak egiteko? Ikasturte honetan kontratatu omen dira 136 irakasle gehiago maisu-maistren kidegoan eta 2019-2020ko ikasturtetik aurrera 351 irakasle gehiago kontratatu beharko lirateke Bigarren Hezkuntzan.

Diru partida horrekin itunean agertzen diren beste akordioak (behin-behineko kontratuak udan luzatzeko, adinagatiko edota proiektuak aurrera eramateko ordu murrizketak ordezkatzeko, ordezkapenak lehenbailehen egiteko….) beteko dira?

Baietz pentsatu nahi dugu. Horregatik sinatu genuen ituna, era kritikoan bazen ere. Baina oraindik ez digute memoria ekonomikoa aurkeztu eta ez dakigu neurri horiek zenbateko kostu zehatza duten.

Beste aldetik, nahiz eta aurrekontuan igoera ez islatu, modulu berriak ituntzeak kezkatzen gaitu. Horrek suposatzen baitu irakaskuntza publikoa deskapitalizatzea.

Aurrekontu hauetan konpromiso gutxi ikusten dugu aniztasuna tratatzeko. Gai hori aurrera eramateko asmo handiko plangintza egin zen, nahiz eta diruz ez hornitu behar adina. Aurreko urteko igoera txikia izan zen, dauden beharrak ikusita, eta aurrekontu hauetan partidak ez dira ia igoko.

Onetsi diren zuzenketen bitartez 0-3 ziklorako milioi bat gehiago emango da. Hala ere, ziklo honetarako finantzaketa askoz handiagoa izan beharko litzateke doakotasuna eta unibertsaltasuna bermatzeko.

Iaz sindikatu guztiok eskaera zehatza luzatu genien parlamentuko talde guztiei, banan-banan eta Parlamentuko Hezkuntza batzordean: Hezkuntza publikoa finantzatzeko legea, hezkuntzarako BPGren % 6 bermatzen duena, urteroko aurrekontuaren edota abagune ekonomikoaren gorabeheren menpean ez egoteko. Eskaera bera berresten dugu.

BORROKAN JARRAITUKO DUGU % 6 LORTU ARTE!

prentsa oharra Naf 13.12.2018