Aurreko astelehenean, hilak 10, 2003an abiarazitako erailketamatxisten kontagailuak beraien bikote edo bikote oiharen eskuetan hildako 1000 emakume zenbatu zituen. Argi dago zenbaketa hori ez dela errealitatearen isla, izan ere Genero indarkeriaren kontrako legeak ez ditu zenbatzen harreman batetik kanpo dauden erasoak. Urteak dira zifra horien gardentasun falta salatzen dugula; emakume askok ez baitute salaketarik jartzen edo erasotzaileak ezezagunak direlako. Edozein kasutan, zenbakiak alde batera utzita, errealitate ukaezina dago: hiltzen jarraitzen gaituzte. Statu quoa mantentzeko hiltzen gaituzte eta matxinatzeagatik hiltzen gaituzte. Ezin daiteke ukatu indarkeria matxista egiturazko arazoa denik eta horren konpobidea gizartearen berregituraketa denik.

Horregatik, irakaskuntzan lanean gaudenok proiektu hezkidetzaileak proposatzen ditugu, bizitzea eta are urrunago joanda, aske izatea ahalbidetzen duen mundua dugulako buruan. Tamalez, aipatutako marka hautsi baino lau egun lehenago, Skolae planeko bost erredaktore eta bost tutore Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean deklaratzera deitu dituzte. Skolaek akademiako hainbat disziplinetan oinarrituta osatu duen corpus teoriko, zorrotz eta zientifikoa gutxiesten ari dira modu irekian.

STEILASetik berriro ere salatu nahi dugu estatuaren jarrera immobilista eta konplizea, konponbiderako neurriak jartzetik urrun egotearekin nahikoa ez balitz, oztopoak jartzen ditu. Bitartean pedagogia feministan lan egiten jarraituko dugu, egun batean kontagailua betiko gelditu dezagun. Geure burua bizirik eta aske maite dugulako!

GORA BORROKA FEMINISTA!!