STEILAS sindikatuak aurreakordioaren ondorioz sortutako jarraipen batzordea agortutzat ematen du. 2018ko maiatzean sinatutako aurreakordioak zirrikitu bat ireki zuen 2012tik iraungita dagoen lan akordioa berritzeko. Baina sindikatuak gai ezberdinen inguruko proposamen ugari mahai gainean jarri dituen arren, gobernuak ogi birrinak baino ez ditu eskaini, negoziazioa etengabe oztopatuz eta motelduz. Badirudi, Eusko Jaurlaritzak Gernikako Estatututzat hartzen duela aurreakordioa, adostutako puntuak hemendik 40 urtera transferitzeko eta aplikatzeko.
STEILAS sindikatuak oinarrizkoak eta gauzagarriak diren proposamen zehatzak egin ditu lan hitzarmen berri bat adosteko bidean: erretiro baldintzak, ratioak, eros ahalmena berreskuratzea, plantillaren gaztetze plana eta ikastetxeetarako pertsonal baliabideak. Lan hitzarmen berrian ezinbestean adostu beharrekoak diren gaiak dira horiek. EAJ-PNVek beste aldera begiratzea erabaki du, eta ondorioz, diru publikoz hornitutako hezkuntza sareen artean, langile publikoak gara lan hitzarmena eguneratu gabe dugun bakarrak.
Bi legealdi eman ditu EAJk hezkuntza Saila gidatzen, eta gauzatu dituen akordio bakarrak mobilizazio indartsuen ondorioz izan dira. Gure eskubideen alde borrokan jarraituko dugu.
LAN HITZARMEN BERRIA ORAIN! ADAR JOTZE GEHIAGORIK EZ!
Leave A Comment