OSASUNAREN ETA BIZITZAREN AURKAKO NEGOZIOEI EZ!
#ZaldibarArgitu

STEILASek Zaldibarko zabortegian gertatzen ari den anabasa guztia salatu nahi du. Istripu bezala aurkeztu zigutena, katastrofe bilakatzen ari da. Arrazoiak anitzak dira: bi langile lurperatuta diraute zabor artean, noiz aterako dituzten aztarnarik gabe hamar egunetan. Verter Recycling enpresak eta Eusko Jaurlaritzak modu tamalgarrian kudeatu dute egoera, gaizki eta berandu esan genezake baina errealitatea da konpontzeke dagoela oraindik.

Azken egunotan argitaratzen ari diren informazioek herritarroi lasaitasuna ekarri beharrean kezka baino ez dakarkigute: alde batetik, enpresaren kudeaketa txarra, bestetik Eusko Jaurlaritzaren kontrol eza. Ondorioz Durangalde eta Deba Garaiko eskualdeetako biztanleak ziurgabetasun osoan bizitzera behartuta daude.

Hezkuntza Sailak egoera honen aurrean zera adierazi die goian aipatu herrietako ikastetxeei: “…adierazitako prebentzio-neurriei jarraituz ahal den neurrian, aire zabaleko kirol-jarduera intentsiboak murriztea gomendatzen da. Eskola jarduera guztia eraikin barruan eta gimnasioan egingo da…”. Gomendioak berandu egiteaz gain, zehaztasun gabekoak eta betekaitzak dira ikasleak ezin direlako 8 ordu jarraian espazio itxi batean egon. Hondamendiari salbuespenezko neurriak jarri beharrean, ohiko larrialdietarako protokoloa (elurteak, haizeteak…) baino ez dute iragarri. Ziurgabetasuna dago hezkuntza komunitate osoan eta erantzun gutxi eskaini dira. Horretaz gain, Hezkuntza Sailak ez ditu egoerak eskatzen duen profesionalak ikastetxeetara bidali.

Bestalde, kezka berezia sortu digu Eusko Jaurlaritzak plazaratutako dioxina eta furano mailak hezkuntzako komunitatearengan eta herritarrengan izan ditzakeen eragin kaltegarriak gutxiesteak.

Egoeraren larritasuna kontutan izanda funtzioetan dagoen gobernuari neurri zehatzak ezartzea, besteak beste berariazko etengabeko neurketak egitea, exijitzen diogu, ikasle, hezkuntza langile, eta familien osasuna baitago jokoan.

STEILASek bere elkartasun osoa adierazi nahi die beste behin lurperatutako 2 langileen senide eta hurbilekoei.

Euskal Herrian, 2020ko otsailaren 17an