STEILAS sindikatuak Haurreskolak Partzuergoko gerente berriari, Zorione Etxezarraga, negoziazioa berrezarri eta indartu dezala exijitu zion pasa den astean.

Bi hilabete pasa dira dagoeneko Haurreskolak Partzuergoko azken mahai negoziatzailea burutu zenetik. Izendatu zutenetik, gerente berria funtzioetan dagoela dirudi, Eusko Jaurlaritza bera bezala. Hau ez da onargarria: gerente aldaketak negoziazioa ezin du geldiarazi.

Beraz, blokeo honi buelta emateko helburuarekin, ondorengo gaien negoziazio egutegia egitea ezinbestekoa da:

Kudeaketa langileak

Urte bete baino gehiago pasa eta gero egindako lan guztia gauzatu gabe dago oraindik. Besteak beste, araudiak, lanpostuen funtzioak, kudeaketa lanpostuen zerrenda (otsailerako prest egon behar zena, sinatu zuten aurrekoardioaren arabera), hezitzaileen lanpostuen amortizazioak eta LEParen deialdia eta prozesuaren negoziazioa alboratu dituzte.

Soldata eguneraketa
Eusko Jaurlaritzak Mahai Orokorrean 2020rako soldata eguneraketa inposatu digu. Haurreskolak Partzuergoko langileen nominetan eragina izateko ezinbestean Mahai Negoziatzaile baten aktan onartu behar da. Eusko Jaurlaritzako gainontzeko langileek igoera hau otsaileko nominan jaso dute. Haurreskolak Partzuergoko langileok noiz jasoko dugun ez dakigu, enpresak ez baitu prozedura abiatu.

2018ko martxoaren 6ko akordioaren garapena

Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko mobilizazioak eteteko enpresak lotutako akordioaren hainbat puntu bete eta garatu gabe daude. Ondorengo gaien garapena beharrezkoa da:

Hezitzaile beharren azterketa eta Lan eskaintza Publikoaren deialdia.
Lan Hitzarmena osotasunean negoziatzea.
Lan Hitzarmeneko 47.artikulua: borondatezko eszedentzian 2 urteko lanpostuen erreserba izatea, kontratu finkoa eta LEP artekoa duten langileentzat.
Koordinazio lanetarako dedikazio orduak.
Prest Gara eta Irale ikastaroetan parte hartzea erraztea eta bultzatzea.
Zahartze plana diseinatzea.

Honetaz gain, diru kosturik ez dituzten ondorengo gaien lanketa egitea ere ezinbestekoa da:

Leku Aldatze Lehiaketa: garatu beharra dago. Lan batzuk aldez aurretik egin behar dira (hezitzaileen lanpostuen zerrenda, haurreskolen lanpostuen aurreikuspena…).
Kontratazio telematikoa: indarrean jarri behar da gardentasuna irabazteko ahalik eta azkarren. Horretarako, programaren ezaugarriak eta telefonoz banatu beharreko premiazko kontratazioaren ezaugarriak nola uztartu arautu behar da.

HAURRESKOLAK PARTZUERGOKO NEGOZIAZIOA BERRABIARAZI!
LANGILEOK EZ DUGU EGOERA HAU MEREZI!