LOMLOE: ASKO HOBETZEKO

STEILASek, LOMCE behin-betiko indargabetu egingo dela ospatzen du. Lege horren aurkako oposizioak hezkuntza sistema propio baten aldeko mobilizazio historikoak bultzatu zituen.

2013ko urriaren 12an,Bilbon, manifestazio jendetsu batean, hezkuntza eragile guztiok bat egin genuen “Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki” lelopean. Era berean, “LOMCEri aurre egin eta Euskal Herrian gure hezkuntza kudeatzeko gida” argitaratu genuen eta Euskal Herrian LOMCEren aplikazioa geldiarazteko ekintzak bultzatu genituen.

Gaur, zazpi urte geroago, aldarrikapen berarekin jarraitzen dugu. Izan ere, LOMCE indargabetu egingo bada ere, gobernuak, ustez aurrerakoiak diren bi indarren eskuetan, uko egiten dio hezkuntza politika propioak garatzea ahalbidetuko duten urratsak emateari.

LOMLOEk hezkuntzarako sarbidean ere ez du aukera berdintasuna bermatzen. Aurreko lege organikoek bezala, zentro segregatzaileek politika baztertzaileak gauzatzen jarrai dezaten ahalbidetuko du.

Lege berriak ez du bermatzen ikasle guztiek euskara ikastea, ezta hizkuntza eredu anakronikoak ezabatzea ere. Gainera, erlijioak presente jarraituko du funts publikoekin sostengatutako ikastetxe askotan, baita elementu segregatzaile gisa ere.

Honez gain, ikastetxeen arteko lehiakortasuna handitzen duten politika desarautzaileak aplikatuz, sistema “malgutzen” jarraitzen du.

STEILAS bereziki kezkatuta dago lege-proiektuan kooperatibak bultzatuz titulartasun pribatuko hezkuntzaren alde egiten den aipamenarekin. Hainbat txostenek enpresa-eredu horrek eskola-segregazioan duen eragina egiaztatu dute dagoeneko.

Nafarroako eta EAEko gobernuei dei egiten diegu hezkuntza publikoa eta euskara ardatz izango dituen eta dinamika pribatizatzaile, neoliberal eta birzentralizatzaileei aurre egingo dien hezkuntza-sistema propio baterantz urrats eraginkorrak eman ditzaten.