ELA – LAB – ESK – STEILAS – ETXALDE – HIRU
Salbuespen legediarekin amaitu eta euskal presoak etxeratzeko prozesua martxan jarri beharra dago
Zenbait hurbilketa eta gradu aldaketa eman badira ere, azken asteotako gertakariek erakusten dute euskal presoen gaineko salbuespenezko espetxe politikak indarrean jarraitzen duela.
Badira 9 egun Patxi Ruizek gose eta egarri greba hasi zuenetik, espetxeko funtzionario baten aldetik jasotako mehatxuen ondotik. Egoera muturrekoa da eta Espainiako Gobernuari exijitzen diogu berehala konponbidea bideratu dezan.
Bestalde, pasa den hilabetean, Ipar Euskal Herriko lau herritarrek (Esnal, Haranburu eta Parot anaiak) 30 urte bete zituzten espetxeratu zituztenetik. Espetxe politika ezin baita mendekuan oinarritu, biziarteko zigor oro bertan behera uztea exijitzen diegu Frantziako eta Espainiako Gobernuei.
Era berean, gure egunerokotasuna zeharo aldatu duen COVID-19aren pandemiak ondorio larriak izan ditu espetxeetan. Egoera zaurgarrian dauden preso gaixoak eta adinduak askatzea izan da hainbat gobernuk hartutako neurria, baina ez da halakorik gertatu euskal presoen kasuan. Berriro ere, salbuespenezko araua ezarri zaie, salbuespenezkoa den bezala Euskal Herritik ehunka kilometrotara sakabanatuta egotea. Horren ondorioz, gainontzeko presoak senide eta lagunen bisitak jasotzen hasi diren bitartean, euskal presoei ukatu zaie eskubide hori, bisitara heltzeko herrialde batetik bestera igaro behar baitira euren gertukoak. Euskal preso guztiak Euskal Herriratu beharra dago, berehala, aitzakiarik gabe.
Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politikook behin eta berriz eskatu dugu salbuespenezko espetxe politikarekin amaitu eta euskal presoak etxeratzeko prozesua abian jar dadin. Horixe da gaur berresten dugun eskaera. Euskal presoek eskubidea dutelako espetxetik ateratzeko ibilbidea egiteko. Herri honek eskubidea duelako bakea eta elkarbizitza demokratikorako ibilbidea egiteko.
Euskal Herrian, 2020ko maiatzaren 19an
Leave A Comment