Haurreskolak Partzuergoko langileek bat egin dute LAB STEILAS eta ELA sindikatuok egin dugun deialdiarekin, jarraipena %73koa izan da EAEko haurreskoletan, Lan sailak ezarri dituen gehiegizko zerbitzu minimoak direla eta hainbat haurreskoletan plantila guztiari kendu zaio greba egiteko eskubidea, 278 langile bi hezitzaileko haurreskola guztiei, alegia. Gainera, Partzuergoko gerenteak Dekretuak dioena baino haratago doa gutxieneko zerbitzuen interpretazioarekin, greba desitxuratzeko helburuarekin. Oztopo guztiak gainditu eta hamarnaka kontzentrazio egin ditugu hiriburuetako deialdiez gain. Familia, herritar eta udal batzuen babesa ere jaso dugu hezkuntza zerbitzu publiko hau duina izan dadin.

Haurreskolak Partzuergoko langileoi greba dinamikarekin hastea baino ez zaigu geratu. Aipatu beharra daukagu, Zorione Etxezarragak, eduki eta zentzurik gabeko bilera deialdiak egin dizkigula. Gainera, gerenteak, greba bertan behera uztearen truke mahai negoziatzaile bat deituko zuela esan zigun eta ostean abenduaren 22rako mahai negoziatzaile bat deitu du. Bertan, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak egongo omen dira eta kudeaketako langileen aurreakordioa bakarrik lantzeko asmoa dute, ia urtebete sinatu zen eta hau ere ez dute bete.

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok, ez dugu mehatxurik ezta txantairik onartuko, eta Haurreskolak Partzuergoan indarrean dugun Lan Hitzarmena eta akordioak ez direla betetzen ari salatzen dugu. Hau honela, abenduaren 22ko gai orden horri aldarrikatzen ari garen puntuak gehitzea eskatu dugu bertan landu daitezen, honakoak dira:

– Ordezkapenak betetzea, hezitzaileen mugimenduekin bukatzea eta aparteko orduen erabilera txarrarekin bukatzea.
– Sinatuta dauden akordioetatik abiatuko den lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea, irakaskuntzako kolektibo guztietan hezkuntza saila egiten ari den bezala.
– Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Covid 19arengatik norbera babesteko ekipamenduen horniketan ere Haurreskolak Partzuergoa sartzea. Haurreskoletan eguneroko gastuari eta jarduera pedagogikoa aurrera eramateko dirurik gabe gaudelako.

Gerenteak berak onartu du, eskatutakoak betetzeko duen aurrekontuarekin ez zaiola heltzen. Ondorioz, hezitzaile eta kudeaketako langileen lan baldintzak okertu eta zerbitzuaren kalitatea kolokan jartzen ari dira.

Gauzak horrela, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok Haurreskolak Partzuergoaren aurrekontua handitzea ezinbestekoa dela azpimarratzen dugu. Bildarratzek du giltza gatazka honetan, horregatik, Hezkuntza Sailburua eta Haurreskolak Partzuergoko lehendakaria den heinean dagokion erantzukizuna bete dezala exijitzen diogu.

0-3 hezkuntza-zikloaren garrantziaren aitortza aldarrikatzeaz gain, jaiotzatik hezkuntza-eskubidea aldarrikatzen dugu, eta, horregatik, Haurreskolak Partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea eskatzen dugu, baita Haurreskolak Partzuergoa Hezkuntza Sailean integratzea ere.

Egoeraren larritasuna eta Hezkuntza sailaren utzikeria kontuan hartuta, egoera aldatu ezean abenduaren 16rako deitu dugun greba deialdiarekin jarraitzea besterik ez zaigu geratuko. Haurreskolak Partzuergoko langileoi,familia eta udalei zerbitzu publiko honen garapenerako aldarrikapenekin bat egitera animatzen diegu.

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuak
2020ko abenduaren 10ean