Aurrekontu hauek ez dira Nafarroako hezkuntza publikoak behar dituen aurrekontuak.

Nafarroako azken bi gobernu “aurrerakoiak” hezkuntza publikorako ahalegin handiak promesten ari badira ere eta partida puntualen igoerak prentsan titular bezala zabaltzen badituzte ere, egia esan, orain arteko egitura fiskal berari eusten diote: errenta altuenen zergak ez dira igo (1.500 milioi euro jasotzeari utziz), iruzur fiskalaren aurkako borrokan ez dira behar diren pausuak eman (540 milioi euro) eta UPNren gobernuek banketxe pribatuei emandako dirua ere ez da berreskuratu (1.060 milioi). Guzti honek zaildu baino ez du egiten hezkuntza edo osasun publikoan benetako ahaleginak egitea. Hezkuntzan BPGaren gutxienetakoa inbertitzen duen Europako lurraldeetako bat da Nafarroa.

  1. urtean Nafarroako aurrekontuetan hezkuntzarako partidak % 14,97ko pisua zuen. Gaur egun, zifra hori soilik % 16,85ekoa da, beraz, hamarkada batean hezkuntzara BPGren % 3,66 bideratzetik egungo aurrekontuetan % 3,9 bideratzera baino ez da heldu. 

Hazkunde hori hezkuntza publikoaren aldeko apustu bezala uler daiteke, baina kontuan izan behar dugu ordutik KPIa % 12,3 eta ikasle kopurua % 10,11 hazi direla.

Zenbakiokin eskutan, esan dezakegu azken 10 urteetan Nafarroan hezkuntzan egindako inbertsioa, igotzetik urrun, % 1  jaitsi egin dela.

Gainera, hezkuntzarako aurrekontua 63 milioi eurotan gehitu bada ere, azpimarratzekoa da 63 milioi horietatik 26,7 Europako laguntzetatik datozen COVID partida ez estrukturalak direla; beraz, “ohiko” igoera 36,7 milioi eurotan geratzen da, hurrengo urteetarako soilik hori finkatzen delarik. STEILASetik, honen aurrean, aurten hezkuntzara bideratutako partida guztiak finkatzea eskatzen dugu, COVID-19ari dagozkionak barne, eta hurrengo urteetan hazten jarraitzea. 

Gobernu honek bere inbestidura kideekin konprometitu bezala hezkuntzarako BPGren % 5era iritsi nahi duela badio ere, hezkuntzarako partidaren pisua % 0,25 baino ez da handitu, behin eta berriz aurrekontu hauek sozialak direla errepikatzen diguten arren. 

Irakaskuntza pribatu-itundua.

Are gehiago, arestian aipatutako datuek Nafarroako hezkuntza osoari egiten diote erreferentzia, bai publikoari zein itunpekoari; beraz, hezkuntza publikora bideratutako partida are eskasagoa da. Ezin dugu ahaztu hezkuntza publikoak bermatzen dituela oinarrizko eskubide eta premiak, berdintasun eta objektibotasun printzipioetan oinarrituta, eta hau gizarte kohesionatua eta aukera-berdintasuna lortzeko ezinbestekoa dela. Horregatik, Nafarroako Gobernuarentzat hezkuntza publikoak izan beharko luke lehentasuna, eta urtero aurrekontuetan hori erakutsi.

Beste behin ere STEILASen kezka handiz jaso dugu itundutako ikastetxeen modulu kopuruaren gorakada, Geroa Bairen gobernuak onartutako itunen luzatze automatikoari gehitzen zaiona. Horrek hezkuntza publikoa zuzenean kaltetzen du, hezkuntza sistemaren segregazioa eta publikoaren deskapitalizazioa areagotzen baititu. Kasu askotan izaera sozial susmagarria duten eta irabazi asmoa edo nortasun sektarioak sustatzearen susmagarri diren hezkuntza enpresa pribatuak finantzatzearen ideia neoliberal eta merkantilista alde batera uzteko garaia da.

Aitzitik, gobernuak ikastetxe pribatuen itunak berrikusi beharrean, itunpeko hezkuntzako enpresentzako partida ia 10 milioi euro handitu duela, guztira 149 milioi bideratuz, ikastetxe hauek “borondatezko” kuota kobratzean eta ikastetxea aukeratzeko askatasun faltsuan oinarritzen diren bitartean.

149 milioi euro horiek, pixkanaka, Publikoaren aldeko benetako apustu horretarako partida bihurtu beharko lirateke; izan ere, horrek bermatzen baitu pertsona guztien hezkuntzarako eskubidea berdintasunean, jatorriagatik, hizkuntzagatik, behar bereziengatik eta maila sozioekonomikoagatik inolako bereizketarik egin gabe.

0-3 zikloa.

Pandemiak inflexio puntua izan behar du hezkuntza publikoan inbertsio handiagoa egiteko; izan ere, horrela bakarrik lortuko dugu 0-3 ziklo publikoa, doakoa eta kalitatezkoa, edota 0 eta 16 urte bitarteko eskolatze-tarte publiko eta erreferentziazkoa, inklusiorako duen gaitasuna eta bere kalitateagatik.

0-3ko partida ekonomikoa, 800.000 euro handitu den arren, ezin da egiturazko gehikuntzatzat hartu, COVID-19aren partida bat baita. Beharrezkoa da hura hurrengo aurrekontuetan finkatzea, aurrekontu guztiaren handitzearekin batera, 11,3 milioi euro eskas, zikloaren publifikazioari bidea ireki eta duintasuna lortzeko 3-6 hezkuntza etapan dituzten lan-baldintza berdinetan.

Azpiegiturak.

Urtero ikastetxeak berritzea eta zabaltzea lehentasunetako bat izan beharko litzateke sare publikoan eskolatutako ikasleak gehitzeko, aurten gainera pandemiak erakutsi du azpiegituretan inbertitzeak, kutsatzeko arriskua gutxitzeaz gain, enplegua eta aberastasuna sortzen duela kolektibo gehiagorentzat. Hala ere, partidak honek behera egin du berriro 2019arekin alderatuta, eta 2009an emandako inbertsioaren erdian dago.

Ondorioak.

Badira bi urte sindikatu guztiok alderdi politikoei eta Parlamentuko Hezkuntza Batzordeari Hezkuntza Publikoaren Finantzazio Lege baten proposamena aurkeztu geniela, horren bidez beti BPGren % 6 bideratuko zaiola bermatzeko, UNESCOk aholkatua jarraiki. Modu honetan, hezkuntza publikoa ez litzateke gorabehera ekonomikoen ezta txandakako gobernuaren politiken mende egongo. Nafarroan eskatzen dugun hezkuntzarako BPGren % 6 inbertitzeko 1.100 milioi euro baino gehiago beharko lirateke; beraz, 300 milioi euroko ahalegina da falta dena.

Azken urteetako aurrekontu hobekuntza apurrekin, soldaten izoztea desblokeatzea, ratioak jaistea, zuzeneko irakaskuntza-orduak murriztea, kontratatuek gradua edo uda kobratzea edo ordezkapenak azkartzea lortu da. 

Era berean, 0-3 haur eskolak batzuk publifikatzeko eta hezkuntza-izaera aitortuz guztiak Hezkuntza Departamentuak bere gain hartzeko lantalde bat sortzeko prozesua hasi da.

Gure eskolentzat pandemiaren osteko ibilbide-orria eskola-eremu bereko ikastetxe publikoak handitzen diren bitartean ikastetxe pribatuei finantzaketa publikoa progresiboki jaistea izan behar da, beste herrialde batzuetan egin den bezala, behingoz alde batera utziz duela 30 urtetik hona batzuen nahierara sortutako eta bukaerarik gabeko soka bihurtu den hezkuntza itundua. Neurri horrekin, estatu aurreratuen ildoan egitura fiskal baten aldeko apustua eginez eta AHT bezalako elefante zuriak bazterrean utziz izango dugu kalitatezko hezkuntza Publikoa, guztiona; bitartean, bestela, ez du pipatarako ere izango. 

Aurrekontuak. Prentsaurrekoa. PDFan