STEILASek Bilboko Presentación de María ikastetxearentzako konponbidea exijitzen die enpresari, Kristau Eskolari eta Eusko Jaurlaritzari

Bilboko Presentación de María Hijas de la Cruz Ikastetxeko –Kristau Eskolako ikastetxe pribatu itundua– zuzendaritzak langileei eta familiei jakinarazi die 2021-22 ikasturtean ikastetxea ixteko erabakia hartu duela. Itxierak ikastetxeko 33 langileek bere lanpostua galtzea ekarriko du eta 200 ikasle baino gehiagoren eskolaratzeari eragingo dio.

Erabaki hori dela eta STEILASek exijitzen die Ikastetxearen titularrari eta Kristau Eskolari arduraz joka dezaten eta langileak eta familiak asebeteko dituen konponbidea ematea.

Halaber eskatzen dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari Solokoetxe auzoan ikastetxeko egoerari irtenbiderako aukera guztiak aztertzea, publifikazio barne, hezkuntza komunitatearekin adosturik. Kasu honetan benetako konpromisoa soziala agertu duen ikastetxe itundu honen publifikazio aukerak sakon aztertzea eskatzen diogu Hezkuntza Sailari, Euskal Eskola Publikoaz Harro Hezkuntza Topaguneak adierazitako bidean eta Kataluniako gobernuak garatutakoaren antzeko araudi bati eutsiz.

STEILASek bere esku dagoen guztia egingo du langile guztiak birkokatzeko, hitzarmen kolektiboan jasotako birkokapen akordioaren bidez eta patronalei exijitzen die oztoporik ez jartzea langileak birkokatuak izan daitezen.