Atzo, Jokin Bildarratzek berriro ere komunikabideei adierazitakoen bidez jakin dugu zein izango diren datorren urteko ikastetxeetako baldintzak. Baliabideei eta txertoei dagokionez, asmoak baino ez ditu helarazi, gaur-gaurkoz ez baitugu horien zehaztasunik. Ratioen inguruan, ordea, zehatza izan zen kontseilaria eta joan den urtekoetara bueltatuko garela ziurtatu zuen. Hori ziurtatzea erraza zen ez baikara sekula ratio horietatik mugitu, ez COVIDagatik ezta arrazoi pedagogikoengatik ere, nahiz eta sindikatu guztiok mobilizazioak bideratu hori horrela izan zedin.

Errealitatea bestelakoa izan da, ikastetxeek dituzten baliabideak eta espazioak erabiliz segurtasun distantzia mantentzeko hainbat estrategia gauzatu dituzte, eta inondik inora ez dira Hezkuntza Sailaren baliabide edo antolakuntzaren ondorioz izan. Beraz, oraingoan ere kea saltzen ari da Hezkuntza Saila, aplikatuko diren ratioak aurtengo berberak dira eta. Gaineratu nahi dugu sail honentzat gure ratioak mugiezinak direla, ez dituela murriztu nahi izan osasun larrialdiagatik, ez integrazioa bultzatzeagatik ez eta arrazoi pedagogikoengatik ere. Dirudienez sailak ez ditu ratioen jaitsierak izango lituzkeen onurak ulertzen.

STEILASetik adierazi nahi dugu guretzat ratioen jaitsierak hezkuntzaren kalitatearekin harreman zuzena duela; hortaz, guretzat lehentasun bat da eta horren alde borrokan jarraituko dugu.