Duela bi hilabete izan genuen Haurreskolak Partzuergoarekin azken bilera. Azkena eta bakarra Elena Aizpuru gerente berriarekin. Azpimarratu behar dugu, bilera horretara Hezkuntza Saileko kiderik ez zela bertaratu.

Gerenteak, bere egitasmoak jakinarazi zizkigun, baina bi hilabete eta gero, asmoetan bakarrik geratu dira. Haurreskolak Partzuergoaren baremazio deialdia prest dagoela gaur bertan jakinarazi digu, hilabete eta erdi pasa ondoren. Bestalde, langileen lanpostu zerrendei garrantzi handia eman zien, horren inguruko proposamenak helaraziko zizkigula esan zigun, eta mahai ezberdinen bileren datak iragarri zituen urtarrila eta otsaila amaierarako. Horretaz gain, Lan Hitzarmenaren negoziazioa martxoan aurreikusten zuen.


Tamalez, beste behin ere, Haurreskolak Partzuergoak berak, aurkeztutako plangintza guztia bertan behera utzi du; ez dugu inolako bilerarik izan urtarrila bukaeran eta gaur gaurkoz, oraindik ez dugu deialdirik jaso. Gainera, Hezkuntza Saileko kideak 2021eko uztailetik ez dira gurekin biltzen, eta oraingo honetan gerente aldaketa batekin ezkutatu dira. Haien betebeharrak ekiditen, horrela alde soziala eta beraien arteko harremanak moztu dituzte.


Aski da! Haurreskolak Partzuergoak eta bertako langileok errespetua merezi dugu. Horregatik, negoziazioari ekitea exijitzen dugu.

Bitartean, Legebiltzarrak argitaratu berri duen “Hezkuntza Lege Berriko” oinarrien dokumentuan, Haur Hezkuntzako lehenengo zikloari ez zaio aipamenik egiten, are gutxiago Haurreskolak Partzuergoari. Argi dago aipamenik ez egiteak, Haurreskolak Partzuergoa hezkuntza sistematik at uzten duela, doakotasunaren eta integrazioaren bidean aurrerapausorik eman gabe, eta Haurreskolek duten balio hezitzailea ere kontuan hartu gabe.

Horregatik guztiagatik, STEILAS sindikatuak, jaiotzatik unibertsitateraino, hezkuntza sare publiko, doako eta unibertsal baten alde lanean jarraituko du. Bere langileen lan baldintzak defendatuz, Haurreskolak Partzuergoak merezi duen aitortza lortu arte.