Informazio hutsal ugari, negoziaziorik ez
Atzokoko mahai sektorialean (2022ko otsailaren 16koan), datu batzuk eman dira Hezkuntzako hiru oposizio deialdien inguruan, baina datuak ez dira esangarriak, ez baitute adierazi espezialitate eta hizkuntza bakoitzean zenbat izangaik eman duen izena.
Gero, oposizioen hurrengo faseen gutxi gorabeherako behin-behineko egutegia eman dute:
• Otsailaren 28tik martxoaren 4ra bitarteko astean Haur eta Lehen Hezkuntzako oposizioaren onartuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da.
• Martxoaren 9an: epaimahaiak izendatuko dira (Lanbide Heziketako irakasle teknikoenak, Bigarren Hezkuntzakoak eta, Haur eta Lehen Hezkuntzakoak)
• Martxoaren 26an eta 27an: epaimahaiak osatuko dira.
• Apiril hasieran epaimahietako kideek berariazko prestakuntza informatikoa jasoko dute. Hilabetea izanen dute programazioaren eta unitate didaktikoaren ebaluazio irizpideak zehazteko.
• Apiril bukaeran espezialitate eta hizkuntza bakoitzeko programazioaren eta unitate didaktikoaren ebaluazio irizpideak argitaratuko dira.
• Martxoaren 1. hamabostaldian: Bigarren Hezkuntzako oposizioaren behin-behineko baremoa argitaratuko da. Lanbide Heziketako behin betiko baremoa argitaratuko da.
• Martxoaren bukaeran: Bigarren Hezkuntzako oposizioaren behin betiko baremoa argitaratuko da.
• Maiatzaren hasieran: Haur eta Lehen Hezkuntzako oposizioaren behin-behineko baremoa argitaratuko da.
• Maiatzaren 10etik aurrera eginen da programazioak emateko ekitaldia.
• Ekainaren hasieran: Haur eta Lehen Hezkuntzako oposizioaren behin betiko baremoa argitaratuko da.
• Ekainaren 2. hamabostaldian: azterketa idatziak eginen dira.
Bestalde, zenbait puntu argitu dituzte:
• Iaz bezala, azterketetan titia emateko aukera egonen da eta diabetesa edo beste gaixotasun bat kontrolatzeko mugikorra edo/eta “smartwatch” modukoa behar dutenek, epaimahai koordinatzaileari erabiltzeko baimena eskatu beharko diote. Iazko COVID protokoloari eutsiko diote, pandemia egoeran jarraituz gero (endemia bada, beharbada ez, argituko dute).
• Espezialitate berria eskuratzea edo ezkontzea ez dira nahiko arrazoi epaimahaitik salbuetsita gelditzeko. Eskabidea egitean, Epaimahai Koordinatzaileak erabaki beharko du.
• Laster, oposizioen webguneetan, MEG atalean (Maiz Egindako Galderetan) zehaztuko dute LOEren eta LOMCEren arteko trantsitzioak sortutako zalantzak.
Funtzionarioen lekualdatze-lehiaketari dagokionez, behin-behineko destinoen esleipena heldu den astearen bukaeran argitaratuko omen da.
Beste hainbat gai mahai gainean jarri ditugu: ratioen jaitsiera, merezimenduen lehiaketak interinitate tasa jaisteko, haur eskolen kudeaketa, etab., baina ohi bezala, ez dugu inongo erantzunik jaso. Mahai sektorialari ukatzen zaio negoziatzeko gaitasuna.
Leave A Comment