“Stop Desahucios Oarso – Bidasoa” plataformak idatzitako komunikatuarekin bat egiten du Steilas sindikatuak. Hemen duzue komunikatua:

2020an huts egindako etxegabetze saiakera baten ondoren, non epaitegiak ez zion arrazoia eman, Sabadell Bankua berriro etxegabetzen saiatu da.

Oraingoan, Solvia higiezinen enpresaren aginduz, ateari ostikada bat eman diote, sarraila lehertu dute, aldatu egin dute eta burdin sareak eta alarmak jarri dituzte.

Sabadell bankuak esan du etxebizitza jada ez dela berea, eta 2019an saldu ziola putre Collseum funtsari.

Bere egite mafiosoak ez dira berriak. Ez gaituzte engainatzen. Planteatzen duten tranpa sinplea da, eta, zoritxarrez, funtzionatu egiten du:

Paradisu fiskal bateko funts putre batean parte hartzen dute. Beren balioaren %10aren truke ehunka etxebizitza saltzen dizkiete eta… magia! Putre funtsak etxegabetu eta espekulatu egiten du etxebizitzekin, eta Sabadell bankuak, berriz, ez daki ezer. Emaitza: hipoteka ez ordaintzeagatik kaleratzen dituzten familiak, gehienetan kredituen gehiegizko baldintzek eragindakoak. Dirua paradisu fiskaletara eramaten dute, Ogasunak ilargiari begiratzen dion bitartean. Eta lotsa gutxi dute esateko Sabadell bankuak ez duela kaleratzen.

Ez diogu utziko! Sabadell Bankua da harrapaketa mafioso honen erantzulea, eta horrela salatzen dugu.

Errenterian, 2022-02-08

Stop Desahucios Oarso – Bidasoa