Haur pobreziaren, eskola-porrotaren eta gizarte-bazterketaren arteko zuzeneko harremanari buruzko baliabideak eta materiala jaso ditu STEILAS sindikatuko Idazkaritza Feministak unitate didaktikoan.

Martxoak 8aren harira, “Pobreziak emakume aurpegia du” unitate didaktikoa sortu dugu, pobreziak emakumeengan duen eraginean arreta jartzen duen lana.

Datuei erreparatzen badiegu, egiaztatzen dugu planetan muturreko pobrezia-egoeran bizi diren pertsonen % 70 (egunean dolar/euro bat baino gutxiago) emakumeak direla, eta hezkuntzarik ez duten adingabeen % 70 neskak direla.

Mundu osoan emakumeek gizonek baino gutxiago irabazten dute, okerren ordaindutako enpleguetan eta prekarioenetan aritzen dira eta. Era berean, hamar mila milioidunetik bederatzi gizonak dira. Gauzak horrela, STEILASeko Idazkaritza Feministan uste dugu errealitate hori –pobreziaren feminizazioa deritzona– ikasgeletan aztertu eta hausnartu behar dugula.

Gainera, pandemiak eragindako krisi soziosanitarioak areagotu egin ditu desberdintasun sozialak, eta muturreko pobrezia pairatzen duten etxe askoren egoera okertu du. Pandemiak 41 515 haur eta nerabe kondenatzen ditu Euskadin pobrezia gorrian bizitzera, 2021ean baino 5 783 gehiago. Datu kezkagarri horiek curriculum-edukietan sartu behar dira, errealitate gordin eta hurbil horretaz jabetzeko.

Irtenbide kolektiboak bilatzera behartuta gaude, biztanleriaren sektore jakin batzuen pobretzea desagerrarazteko eta bitartekoak artikulatzeko, hala nola pentsiodunena: EAEn emakume pentsiodunen % 39ek hilean 817 euro baino gutxiago irabazten dute, eta gizon pentsiodunen % 12,6 bakarrik dago egoera horretan.

Krisian ezarritako konfinamenduaren ondorioz, hainbat errealitate azaleratu dira, hala nola eskolak online jarraitu ahal izateko baliabide informatikorik ez izatea, eskola-jantokiak itxi eta baliabide ekonomiko gutxiko ikasleek eguneroko -kalitatezko- bazkaria ez jasotzea…