Jakina den bezala, EAEko Hezkuntza Sailak hezkuntza lege baten oinarri den itun bat garatu du. Helburua egungo hezkuntza sistema duala betikotzea eta sare pribatuaren etorkizuna bermatzea izan da hasieratik, hezkuntza-patronalek aspaldi eskatzen zuten bezala. Hori horrela, eta jaiotza-tasaren jaitsiera ikaragarriari erreparatuz, argi dago Sailaren politikak ondorio larriak izango dituela hezkuntza publikoan, baita bertan lan egiten duten langileen etorkizunean ere. Izan ere, Hezkuntza legearen oinarriak ezartzeko itunean ez zaio eskola publikoari hezkuntza sisteman eduki beharko lukeen erdiguneko tokirik ematen, eta ez da titularitate pribatuko ikastetxeen gainetik lehenesten. Bestela esanda, Hezkuntza Sailak garatu eta alderdi politikoen gehiengoak babestu duen hezkuntza itunak hezkuntza publikoko langileen etorkizuna kinka larrian jartzen du. Hezkuntza politika horien adibidetzat Amurrioko errealitatea dugu, besteak beste, non eskola publikoan lerroa ixten den bitartean ikastetxe pribatuetakoak diru publikoz ituntzen diren irekita mantentzeko.
Hezkuntza Sailak itunaren oinarriak garatzen zituen bitartean, buru biko sugea izango balitz bezala, egun dugun plantilla mantentzeko konpromisoaz hitz egiten zuen sindikatuokin. Jarrera horrek dakartzan kontraesanez kontziente baginen ere, langileen ordezkari garen heinean, sekula ez diogu negoziazioari uko egin eta hezkuntza sistemaren onurak ekarriko dituen zirrikituen bila borrokatu dugu plaza eman zaigun guztietan.
Borroka horretan gure kontrakotasuna adierazteagatik maiz karikaturizatuak izan gara. Zoritxarrez, badago oraindik, konfrontazioari beldurrez, horrek dituen gaitasun propositibo eta eraikitzaileen jabe ez denik. Edo, bestela esanda, desadostasunak onartzeko gaitasunik ez duenik.
Negoziazio eta borroka horien ondorioz, Sailak langile edo baliabideen hornikuntza berrantolatzen duen dokumentu bat aurkeztu digu. Dokumentuak argi-ilunak ditu. Batetik, baliabide gehiago iritsiko dira ikastetxeetara eta horietako asko egiturazko bilakatuko dira. Bestetik, arriskutsua izan daitekeen ikastetxeen autonomian edo zuzendaritzen lidergoan sakontzen da, eta ziurgabetasuna dago baliabide batzuk esleitzeko erabiliko den moduan (kontratu programak, esate baterako).
Hezkuntza Sailaren borondatea hezkuntza publikoaren kalitatea hobetzea izango balitz, baliabide horiek aldebakarrez aplikatuko lituzke, beti egin ohi duen bezala. Oraingoan, ordea, baliabide horiek iristea sindikatuen oniritziarekin baldintzatuta daude. Bestela esanda, behingoz sindikatuen onespena behar dute, zergatik ote?
Steilasen argi dugu Hezkuntza Sailak duela baliabideen hornikuntzaren eta bere eskumen zuzenekoak diren ikastetxe publikoen eta bertako langileen biziraupenaren ardura. Baina, aldi berean, Sailaren jokabidearen inguruko irakurketa kritikoa egiten badugu ere, argi dugu guk erantzukizun bat dugula langile eta ikastetxeekiko. Horregatik, oraingo honetan gure onespena eman badugu ere, ez dezala inork ulertu Sailari txeke zuri bat ematen diogunik. Ordea, arduraz hartzen dugun erabakia da. Zoritxarrez, Hezkuntza Sailari gaur egun hezkuntza publikoarekiko falta zaion ardura. Eta sinatzaile izanda ere, hezkuntza publikoaren alde eta langileen lan baldintzen alde mobilizatzen jarraituko dugu, kalean eta hezkuntza publikoari eragiten dioten mahaietan, ikastetxeen hornidurari buruzko jarraipen mahaietan bezala, tinko gure aldarrikapenei eutsiz, beharrezkoak zaizkion ekarpenak, alegazioak eta salaketak egiten.
Leave A Comment