TJUEk, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak, argi eta garbi adierazi zuen Espainiako administrazio publikoek behin-behineko langileen gehiegizko erabilera sistematikoa egin dutela urteetan zehar, egiturak behar dituen lanpostuak bitarteko langileen bitartez emanez, hau da, abusu egoera bat egon dela interinoekiko, izan ere, haietako askok urteetan zehar behin-behineko kontratuak lotu dituzte bata bestearen atzetik.

Europar Batasuneko Justizia auzitegiaren epaia “bete asmotan” Estatu Espainiarrak 270/2022ko Errege Dekretua argitara eman zuen, baina Europako zuzentarauak dioenaren kontra, abusua pairatzen ari diren milaka langileei konponbide bat bilatu ordez, lanpostuen egonkortzeari buruz hitz egiten du eta ez langileei buruz, oso interpretazio eskasa eginez eta urteetan administraziopeko langileak izan direnekiko begirune eskasekoa.

EAEan ez da hobekuntzarik eman, Espainiatik etorritako dekretua aplikatu da zuzenean, Euskal Hezkuntza sailak ere ez du autonomia mailak ematen dion eskuduntzari jarraikiz inolako hobekuntzarik egin. Ez digu aukerarik eman interinoen gehiegizko erabileraren inguruko negoziazio errealik izateko, Sailak denbora-epeak aldrebestu ditu sindikatuoi lanpostuak identifikatu eta negoziatu ahal izateko aukera lapurtuz. Hori horrela, gaur egungo lan eskaintzan argitaraturiko lanpostu kopurua behin-behinekotasunak beharko lukeen % 8tik jaisteko helburutik oso urrun dago. Gainera jakiteko dago oraindik zein modalitateetan eskainiko diren lanpostu horiek. Guk Steilasetik ahalik eta lanpostu kopuru handiena meritu lehiaketetan eskaintzeko negoziazioa bideratzen saiatuko gara eta behar den tokietan borrokatzen jarraituko dugu.

Steilasek beti aldarrikatu du beste oposizio eredu bat, egun duguna oso memoristikoa baita eta ez du zerikusirik benetan irakasletza ofizioarekin. Gainera proba baztergarriak izanda, oztopoz betetako prozesu jasangaitzak dira, irakasleen kaltetan eta eskolen kaltetan.

Orain Europako Batasunak behartuta, salbuespenezkoak diren kontsolidazio prozesu hauek ohikoak izan beharko liratekeela aldarrikatu dugu betidanik Steilasen. Antzinatasuna duten interinoen finkapenerako bideak beti egon beharko lirateke zabalik, hain memoristikoak ez liratekeen oposizio lehiaketekin batera. Hori litzateke sarbide bikoitza, Steilasetik beti denfendatu izan duguna, zeinaren bitartez langile guztion sarbidea modu orekatuan bermatzen den.

Argi dugu hezkuntzako langileak finkatzea ezinbestekoa dela, ez soilik Europatik agindu delako, baizik eta administrazio publikoan %30 gainditzen duen interinitatea onartezina delako, langileen lan baldintzak urratzen dituelako eta hezkuntza sisteman egonkortasun eza ikaragarria sortzen duelako.

Horretaz gain, ezin ahaztu Hezkuntza Itunean adosturiko asmoak ezta EAEko unibertsitatez kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko dekretuaren zirriborroan jasotzen diren hezkuntza politika pribatizatzaileak. Argi dago hezkuntza zerbitzu publiko kontzeptupean Sailak ikastetxe pribatuen erreskatea eta itunen betikotzea duela helburu. Asmo horri jaiotza-tasaren jaitsiera gehitzen badiogu, aurreikus dezakegu lanpostu galera handia jasan beharko dugula datozen urteetan. Horregatik guztiagatik, Euskal Eskola Publikoan sinisten dugunontzat ezinbestekoa da orain ahalik eta lanpostu kopuru handiena egiturazko bilakatzea. Hezkuntza Sailak, ordea, guztiz ez-nahikoa den kopurua eskaini digu, seguruenik hezkuntza publikoaren etorkizunaren alde tinko egingo balu, ez luke bildurrik izango lanpostu kopuru handiagoa egiturazko bihurtzeko.

Hortaz, Steilasen argi utzi nahi dugu ditugun baliabide guztiak erabiltzeko prest gaudela, izan negoziazioa zein mobilizazioak interinitatearen kontra borrokatzeko, langileen alde egiteko eta hezkuntza sistema publikoaren defentsa irmoa egiteko.