Ostiralean, irailak 23an, ikasturteko lehenengo mahai negoziatzailea burutu zen. Enpresak, hezitzaile eta kudeaketa langileen egonkortze prozesuei buruzko dokumentuak eta kudeaketa langileen monografiak luzatu zizkigun, eta hauen inguruko lehenengo irakurketa bat egin genuen, genituen zalantzak plazaratuz. Horri buruzko ekarpenak egingo ditugu 15 eguneko epean eta horretarako, langileen ekarpenak jasotzeko bideak irekiko ditugu.

Jarraian, landutako gaien inguruan enpresak helarazitako informazioa daukazu:

  • Egonkortze prozesua: Gure helburua Haurreskolak Partzuergoan urteetan lanean dauden langileak egonkortzea da eta horretarako dauden aukerak zuekin aztertzen jarraituko ditugu.
  • Kudeaketa langileen monografiak: enpresak egindako proposamenean, LBBn adostutako soldata eta maila igoerak ez dute isladarik. Aldarrikapen honekin borrokan jarraituko dugu. Langileen iritzia jasotzeko prest gaude.
  • Gai-zerrendan jasota ez zeuden gaiak:

    • Lan metaketak: lan erreformak ekarritako aldaketei aurre egiteko negoziazioa eskatu genuen, baina enpresak, momentuz, ez dauka horri buruzko proposamenik. Sindikatuoi gaiari buruzko iritzia/proposamena eskatu digute. Gai honen negoziazioa luzatzen ari dira konponbide argirik ez dutelako, baina STEILAS sindikatuarentzat berariazko garrantzia dauka. Gai honen lanketa urria arte luzatu dute, gure eskaerari muzin eginez.
    • Baremazioa: 2022ko gorako helegiteak oraindik erantzun gabe daude. Ikasturte honetan oraindik ez dakite baremazioa noiz gauzatuko den.
    • Ordezkoen zerrendaren kudeaketa: STEILASBERRI 1.go alean azaldu genuen bezala, enpresa Ordezkagunea martxan jartzeko hainbat aldaketa informatiko egiten ari da. Hori dela eta, Hezigunea plataforman Haurreskolak Partzuergoko langileen lanaren inguruko informazioa txertatzen ari dira. STEILASek hezitzaile eta sindikatuokin prozesu honetako informazio eguneratua partekatzea eskatu zuen.
    • Urte honetan gauzatu behar diren prozesu guztien ( Baremazioa/Izen-ematea, Lanpostuen Zerrenda, Lekualdatze Lehiaketa, Egonkortze prozesua) egutegia egitea eta horien inguruko negoziazioa martxan jartzea eskatu genuen.

Amaitzeko, esan beharra daukagu, STEILASek enpresak aldebakarrez erabakiak hartzeko duen jarrera salatu zuela, kasu askotan lan hitzarmena urratzen duelako. Hauek izan dira aipatu ditugun gaiak: haurreskola berrien hornikuntza, 60 urtetik gora dituzten langileen murrizketen kudeaketa, Haurreskolak Partzuergoaren web guneko informazioaren aldaketa (gela kopurua eta ordutegiak)…

Ikasturtea aldaketa eta prozesu ezberdinez josita egongo da. Horregatik, langileon partaidetza ezinbestekoa izango da denon artean Haurreskolak Partzuergoaren etorkizun oparoa eraikitzeko.