Urriaren 13an, prentsaurrekoa eskaini dugu Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea osatzen dugun eragileok, azaroaren 5erako deitu dugun manifestazioa aurkezteko. “Euskal Eskola Publikoaren alde, Hezkuntza Lege honi ez” lelopean egingo dugu, Bilbon, arratsaldeko 17:30ean hasita.

2022-23 ikasturte honetan EAEko Hezkuntza Legea onartu nahi du Jaurlaritzak. Lege honek egun indarrean dagoen Euskal Eskola Publikoaren Legea ordezkatuko du. Irailaren 14an ezagutu genuen lege berriaren aurreproiektua.

Aurreproiektu honek sare publikoaren alde zenbait adierazpen jasotzen dituen arren, bere beharrei erantzun egokirik eman gabe jarraitzen du. Aldi berean,
sare pribatuaren aldeko neurriak etengabe hartzen ari da Hezkuntza saila azken hilabeteetan dekretu eta aginduen bidez: egungo hezkuntza-itunak berritzeko eta luzatzeko agindua datozen sei ikasturteetarako onartu du, jaiotza-tasa jaisteko aurreikuspena egon arren; plangintza-dekretuaren zirriborroak talde edo ikasgela bat osatzeko gutxieneko ratioa murrizten du ikastetxe pribatu-itunduetan, eta ikastetxe publiko ugariren fusioa edota desagertzea aurreikusten du; itunpeko moduluak aldatu dituzte, ikastetxe itunduen finantzaketa ekonomikoki handituz (irakasleen moduluak % 6 inguru, ikasgelako moduluak, Haur Hezkuntzako 2. ziklotik Batxilergora, % +8,5; eta mantentze-moduluak % 25), eta 2 urteko gelak ituntze-sistemaren barruan txertatu ditu.

Bestalde, zirriborroak Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa izeneko kontzeptu berri bat sortzen du. Zerbitzu hori “ikastetxe publikoen eta pribatu-itunduen bidez emango dela” dio, eta ondorioztatzen du bi ikastetxe motei dagokiela finantzaketa bera. Honek argi eta garbi adierazten du ez dela erraztuko eskola publikoaren hazkundea eta ez zaiola lehentasun-traturik emango.
EEPH Topagunea osatzen dugun eragileok bestelako hezkuntza sistema bat nahi dugu, eskola publikoa hezkuntza-sistemaren benetako ardatz gisa hartuta, gizarte-kohesiorako eta berdintasunezko hezkuntza euskaldun bat lortuko duena:

  • Sare publikoa sendotzea eta handitzea proposatzen dugu, herritar guztientzako eskubideen bermea baita. Horretarako, zentzuzko planifikazioa egin behar da, eskola plazen eskaintza errealitatera egokitu eta sare pribatuaren gehiegiko eskaintza ez itundu; sare publikoari beharrezkoak dituen baliabide guztiak eman eta publifikazio bideak zabaldu sare honen parte izan nahi duten ikastetxeentzat. Bi sareen finantzazioa berdintzen bada hezkuntzarako aurrekontua handitu gabe, sare publikoaren finantzazioa murriztu egingo da. Sare publikoaren finantzazioa handitu behar da eta sare pribatu-itunduaren finantzazioaren kontrolerako auditoria eta ikuskaritza zorrotzak behingoz ezarri, baldintzak betetzen ez dituztenei itunak kenduz.
  • Ikasleen euskalduntzean erreferente izaten jarraituko duen eskola publikoa izan nahi dugu. Aurreproiektuak ez du indartzen hezkuntzak euskararen eta euskal kulturaren garapenaren bermatzaile gisa duen zeregina. Ez dira gainditzen hizkuntza-ereduak eta ez da jasotzen murgiltze eredua, ezta euskal curriculuma ere. Irteera profilak zehazten dituen arren, ez da argitzen nola lortuko duten euskarazko B2 maila ikasle guztiek.
  • Hezkuntza komunitatearen parte-hartzean oinarrituta, elkarrekin lan egingo duten eskola publikoen sare solidarioa nahi dugu, herri eta auzoetan txertatuak. Legearen aurreproiektuak kontrakoa planteatzen du: itunpeko ikastetxe eta publikoen arteko lehiaren logika. Titularitate desberdinek osatutako Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa tranpa baino ez da hezkuntza sistema neoliberal bat ezartzeko.
  • Euskal gizarte kohesionatuaren aldeko apustua egiten dugu. Egungo hezkuntza sistema publiko-pribatu dualak ez du kohesioa bermatzen. EAEn, sistemaren erdia pribatu-itundua da, eta, ondorioz, segregazioa etengabe sortzen eta areagotzen ari da. Gizartean dauden desberdintasunak arindu, eta berauek erreproduzitzen dituen eredu dual hau gainditu beharrean, berau betikotzea proposatzen du Legeak, ikasle zaurgarriak itunpeko sarearen finantzazioa handitzeko “salerosketako produktu” bihurtuz. Aurreproiektuan ez da inolako asmorik adierazten sare pribatuaren presentzia murrizteko.
  • Euskal hezkuntza sistema publiko laikoa nahi dugu. Legeak kontrakoa planteatzen du: erlijioaren eskaintza derrigorrezkoa izango da eskola publikoan eta ideario erlijiosoa duten itunpeko ikastetxeek eskola publikoen finantzazio berbera jasoko dute.

Aurreproiektu honek hezkuntza publikoa, euskara eta euskal kultura eta laikotasuna defendatzen dituela dio, baina zerbitzu publikoak pribatizatzearen aldeko apustua egiten du, sareen dualtasunari eusten dio, euskalduntzerako atzerapausoa da eta ez du laikotasuna bermatzen.

Hori dela eta, Topagunea osatzen dugun eragileok dei egiten dugu gizarte osoa datorren azaroaren 5ean, 17:30etan, Bilboko Hezkuntza Ordezkaritzatik abiatuko den manifestazioan masiboki parte hartzera Euskal Eskola Publikoaren alde egin eta Lege honi ezezko borobila emateko.

EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAZ HARRO TOPAGUNEA

Gasteizko, Oiongo, Bilboko, Santurtziko, Oarsoaldeako, Astigarragako, Amurrioko Hezkuntza Publikoaren Sarea, Donostialdeko, Lasarte-Oriako plataformak; Ordiziako Euskal Eskola Publikoko Komunitateak eta Debagoieneko Goieskola; EHIGE, HEIZE, Ikasle Sindikatua, Ikasle Abertzaleak, Ikama, Ikasle Ekintza, Gazte Komunistak, STEILAS, CCOO Irakaskuntza, ESK.