UPV/EHUko zuzendaritzaren eta Unibertsitatean ordezkaritza dugun sindikatuetako delegatuen arteko negoziazio-mahaiaren hiru bilera ondoren, ez da lortu Unibertsitateko langileen erretiroei buruzko inongo adostasun puntura iristea.

Joan den ekainean, Errektoretza Taldeak indarrean zegoen akordioa salatzea erabaki zuen. Akordio hura, 2015ean sinatutakoa, 2010ean sinatutako beste akordio baten ondorio zen, eta, garrantzitsuena dena, 2010ean bertan sinatutako AZP-en eta IRI-en lan baldintzen gaineko Hitzarmen Kolektiboetan jasotako eta hitzartutako xedapenak jasotzen zituen. Hau da, urtetan kontsolidatutako akordio bat salatu zuen, zeinaren gainean Unibertsitateko langile askok eta askok, euren erretiro espektatibak eraiki dituzten. Ez baitugu ahaztu behar UPV/EHUko langileen gaur egungo bataz besteko adina oso altua dela.

Hala ere, irailaren 12ra arte ez zen UPV/EHUko Erretiroa tratatzeko Batzorde Teknikoaren lehen bilera deitu. Eta, zoritxarrez, ez zen izan balizko negoziazio-prozesuen eta elkarguneen esplorazio-bilera. Aitzitik, errektoretza-taldeak argi adierazi murrizketak ezartzeko asmo irmoa. Hurrengo bilerak, irailaren 28an eta urriaren 7an, antzekoak izan ziren eta ez zen benetako negoziaziorako asmo eta proposamenik ekarri.

Aste hauetan behin baino gehiagotan adierazi diogu Errektoretzari salatutako akordioa Errektoretzaren eta alde sozialaren artean sinatutako hitzarmen berri batek bakarrik ordezka dezakeela, halaxe jasota baitago, hain zuzen ere, indarreko akordioan bertan. Baina Errektoretzak, araua baztertu eta akordiorako aukera oro alboratzea erabaki du, erretiro-baldintzak arautzeko erabakia Unibertsitateko Gobernu Kontseilura eramanez, zehazki, urriaren 20an bertan egingo duen bilkurara.

Erabaki hori oso larria dela iruditzen zaigu; izan ere, negoziazio kolektiboa eta sindikatuekiko akordioa baztertu eta gutxiestea baita, non eta Unibertsitateko langileen lan-baldintzetan zuzenean sartzen den eremu batean. Langileok ekintza sindikalari esker eskuratutako eskubideak murrizten ditu eta negoziazioari eta sinatutako akordioei mespretxua erakusten du. Jada beste gai batzuetan ere sumatu dizkiogu Errektore taldeari antzeko jarrerak, hala nola zentroen itxierak erabaki edo eraginkortasun eta energia aurrezteko neurriak ezartzerakoan. Baina hau haratago doa.

Horregatik, agiri hau sinatzen dugun sindikatuok errektoretza-taldeari eskatzen diogu negoziazioaren eta akordioaren bidera itzul dadila, urriaren 20ko Gobernu Kontseilura eramandako proposamena erretiratuz. Negoziazio-prozesu serio eta leial bat irekitzea eskatzen dugu, langileon eskubideen errespetuan oinarritua.

BESTELA, UNIBERTSITATEAREKIKO NEGOZIAZIO-MAHAI GUZTIETATIK ERRETIRATU ETA MOBILIZAZIO-DINAMIKA BATI EKINGO DIOGU, NEGOZIAZIO KOLEKTIBOAREN AURKAKO ERASO HONI ERANTZUN IRMOA EMANEZ.

STEILAS, CCOO, UGT, ELA, CGT/LKN, USO