Boto gutxiren aldearekin izan bazen ere, atzoko Gobernu Kontseiluak erretiroen gaineko araudi berria onartu egin zuen. Bertaratutako 40 kontseilarien partetik 20 aldeko bozka lortu zituen proposamenak; erdia, juxtu. Hau da, abstentzioei eta taldeak berak foro horretan duen pisuari esker lortu zuen Errektore taldeak bere proposamena aurrera ateratzea. Alegia, proposamenak ez zuen aurrera egin kontseilarien konbentzimendu edota adostasunari esker.

Proposamena gai-zerrendatik kendu eta negoziaketari aukera berri bat irekitzea eskatu zitzaion atzo Errektore taldeari; alde batetik, Gobernu Kontseiluan bertan hainbat kontseilarik egindako adierazpen bidez, eta bestetik, Bizkaia Aretoaren kanpoaldean sindikatuetako ordezkari eta langileek egin zuten elkarretaratzean bidez. Alabaina, entzungor egin zion eskaera horri Errektore taldeak, eta horrekin, hautsi egin du akordioaren eta adostasunaren bidea.

Jarrera horrek, zerikusi gutxi dauka Errektore taldeak berak egungo akordioa eteteko aldarrikatu duen erantzukizun sozialaren argudioarekin. Kontrara, kosta ahala kosta aurrera egiteko erabakiarekin, EHUko langileekiko eta negoziaketa kolektiboarekiko ardura gutxi erakutsi du.
Onartutako proposamenarekin eta jarraitu den prozedurarekin STEILAS ez dago ados. Horrexegatik, indarrean zen akordioa ez betetzea salatuko dugu eta epaitegiak izango dira lege arrazoiak ebatziko dituztenak.

Erantzukizun sozialari dagokionean berriz, STEILASek ardurarekin jokatuko du eta Errektore taldeari tamainako erantzukizuna eta ardura exijituko dizkio; bai langileekiko, bai zerbitzu publikoarekiko.

Atzoko Gobernu Kontseiluak ordea, negoziaketa modu guztiz ezberdina eraman duen beste proposamen bat ere onartu zuen: AZPko langile asko eta asko egonkortuko dituen LEP prozesua (1). Aurrera egin zuten oinarri orokorrak eta espezifikoak baina, Errektoretza talde horretako parte den Gerentzia eta sindikatu guztien elkarlanaren emaitza izan dira, hots, negoziaketa baten ondorioa, eta horrexegatik jaso zuen atzo hain zuzen ere atzoko foroan adostasun zabala. Ura pasatu ostean presa egitea alferra dela badakigu, baina Errektoretza talde honek borondatea dagoenean presa egokia eraikitzeko gai dela ere erakutsi digu. Horrenbestez, arestian aipatu dugun erantzukizun eta ardura horiei erreparatu eta benetako negoziazioa berreskuratzeko ahalegina egiteko eskatzen diogu. Izan ere, baditugu oraindik UPV/EHUn premia daukaten gai ugari: urrutiko lana eta telelana, efizientzia energetikoko neurriak, plantillak gaztetzea, egonkortzea eta lan baldintzak hobetzea, partzialtasuna mugatzea… Errektoretza talde honek ez dauka orain horiei guztiei behar den moduan ez heltzeko aitzakiarik, eta horixe izango litzateke daukan erantzukizun soziala betetzeko bidea.

(1) Oinarriak esteka honetan topatuko dituzu