Ez dira gutxi azken egunotan sindikatuok ateratako agiriak. Astunak eta errepikakorrak izateko arriskuarekin ere, STEILASek argi utzi nahi du bere jarrera egunotan bizitzen ari garen arazo eta gatazken inguruan.

Ez ditugu garairik onenak bizi ez EHUn ezta inguruan ere eta ia beti bezala langileok nahi gaituzte estu lotuta eta galtzaile. Inflazioarekin eta ondasun guztien prezioaren garestitzearekin, okerrera egin du gure bizimoduak, gure soldatak ez baitira KPIren adina hazi. Ezta haziko ere hiru urte hauetan, langile publikoen kasuan behintzat, Estatuko Gobernu eta sindikatuek adostutako itunaren ondorioz. Gure Erkidegoan ez da halako itunik sinatu bertako Gobernuaren eta gehiengo sindikalaren artean, baina Jaurlaritzak aurreratu du ez dela Estatuan adostutakotik mugituko. Inoizko zerga-bilketa altuena izanda ere, segituan lerratu da Jaurlaritza neurri murriztaileen alde, zerbitzu publiko eta langileekiko murriztaileak, jakina, ez horrenbeste enpresa eta negozio pribatuekiko, EUNEIZ unibertsitate pribatuari emandako sostenguak erakusten duen moduan.

Honen aurrean STEILASen jarrera argia da. Ezin dugu halako soldata murrizketarik onartu, ez behintzat hainbat eta hainbat enpresa handik gainirabazi ikaragarriekin jarraitzen duten bitartean, aberatsak gero eta aberatsago egiten diren bitartean, zerbitzu publikoak ahultzen jarraitzen duten bitartean.

EHUko Errektoretza ere neurri murriztaileekin lerratu da, zoritxarrez. Lehenik eta behin, azken hamarkadan indarrean izan dugun erretiroen gaineko akordioa bertan behera utziz. Diote akordioan jasotako zenbait neurri (borondatezko erretiro aurreratuak, kalte-ordainak) ez direla jada legezkoak edo aplikagarriak, azken urteotan emandako ebazpen judizialen ondorioz. Eta, edozein kasutan, neurri haien kostua (kreditu eta lanorduen murrizketak barne) gehiegizkoa dela Unibertsitatearen egoera ekonomikoa dela eta. Are gehiago, eskubide baino batzuen pribilegiotzat ere jotzen dute akordioa, langileen artean arrakala ireki asmoz. STEILASen ustean, erretiroko akordioan jasotako neurriak langileen eskubideak dira, borroka eta negoziazio bidez lortuak, langile guztion bizi baldintzen hobe beharrez kontsolidatuak. Edozein atzera pauso arlo horretan gure eskubideen kontrakoa da, eta ez dio langileen artean inori mesede egiten. Alderantziz, lanpostua egonkortu nahi duten langile gazteen kontra ere badoa, erretiroak atzeratzearen ondorioz, lanpostu berri gutxiago sortuko direlako datozen urteetan. Eta Unibertsitateari ere ez dio mesederik egiten, plantilla zaharrago eta garestiago batekin (lan kategoriak eta osagarriak medio) jarraitu beharko duelako lanean.

Nolanahi ere sindikatuak ez gara inoiz akordioa berritzearen kontra azaldu, akordioak akordio izaten jarraitzen zuen bitartean behintzat. Akordio berri bat, ordea, ez da egun batetik bestera lortzen. Denbora, lana eta borondatea behar dira eta horietatik gutxi, oso gutxi eskaini dizkigu Errektoretzak, beraiek bestela badiote ere. Hilabete batean hiru bilera, proposamen guztiz itxia(k) eta ezer negoziatzeko borondate gutxi. Hartara, negoziazio kolektiboaren bidea baztertuta, Gobernu Kontseiluan onartzea asmo du orain erretiroetako araudi berria. Araudia, ez akordioa. Ebazpena, ez ituna. Eta hori, sindikatuok, ezin dugu onartu.

Txarrena da, ordea, langileon lan baldintza eta eskubideei dagozkien neurriak ez negoziatu eta adosteko jarrera hau ez dela berria eta ez dela bakarrik erretiroen arlo honetara mugatzen. Pandemia garaian lana antolatzeko orduan ez gintuzten aintzat hartu, ezta ondoren lan presentzialera itzultzeko garaian ere. Borondate onenarekin jardun genuen orduan sindikatu gehienok, egoerak hala eskatuta, lankidetza eskaintzen beti Errektoretzari, STEILASen kasuan behintzat. Eta halaxe jarraitzen dugu orain ere energia larrialdiak ere aparteko neurriak eskatzen dituen heinean. Baina Errektoretzak ohitura hartu duela dirudi halako aparteko neurriak aldebakarrez eta parte sozialarekin eztabaidatu eta adostu gabe ezartzeko. Hala gertatu zen udako zentroen itxierak ebazteko orduan eta berdin gertatu da orain gabon garaian ezarri asmo dituen neurriekin ere. Are gehiago, langileak prentsatik eta irrati-telebistatik ezagutu dituzte neurriak EHUren barne komunikaziotik baino lehenago.

Egia da hainbat konturen gaineko negoziazio prozesuak egon direla, ala ikertzaileen soldaten ingurukoak nola AZP arloko Lan Enplegu Publikoaren eskaintzaren gainekoak, baina horrek ez du justifikatzen aipatu beste arlotan Errektoretzak sindikatuekin erakutsitako utzikeria eta arduragabekeria. Honek arriskuan jartzen du gauzak negoziatzen jarraitzeko beharrezkoa den alde bien arteko konfiantza eta leialtasun giroa sortzea. Gaur egun, hain zuzen ere, giro hori gaiztotuta dagoela uste dugu eta ez dugu aukerarik ikusten gauzak behar bezala negoziatzeko. Horregatik sindikatu gehienok hartu dugu, hainbat gauzen gaineko gure ikuspegiak oso ezberdinak direla jakinda ere, elkarrekin negoziazio mahaitik altxatu eta langileoi mobilizatzeko deia egiteko erabakia, negoziazio kolektiboa eta gure eskubideen defentsa aldarrikatuz.

Hala eta guztiz ere STEILASek jarraituko du eztabaida, negoziazio eta akordioren alde lan egiten eta horretarako beharrezko baldintzak ezartzen saiatzen. Ez dute horretan laguntzen, hain zuzen ere, inoren deskalifikazio estrategiek, ez alde batera, ez bestera ere. Gauza bat da kritika politikoa, ideologiko edo sindikala. Bestea, oso ezberdina, eta inora ez daramana, deskalifikazio merkea. STEILAS ez da joko horietan eroriko.

STEILAS UPV/EHU