Pasa den ostegunean EHUko Gobernu Kontseiluak erretiroen gaineko araudi berria onartu zuen azkenean, eztabaida luze eta gogor baten ondoren eta kanpoaldean bildutako langileen protestei kasu egin gabe.

Horren aurrean, agiri hau sinatzen dugun sindikatuok adierazi nahi dugu:

– berresten gara negoziazioan mota honetako xedapenen legitimazio iturri gisa, zuzendaritza eta parte sozialaren arteko negoziazioan, alegia. Hura gabe onartzen den edozein araudik gatazka eta egonezina baino ez ditu eragingo instituzioaren eta langileen arteko harremanetan.

– Gobernu Kontseiluan Errektoretzari eskatu genion abenduan egingo den bilerara arte atzeratzeko erabakia, tartea emanez benetako negoziazio bidea berreskuratu eta gaia berbideratzeko.

– Errektoretzak ez du inolako ahaleginik egin negoziazio bidea berriro hartzeko. Nahiago izan du egoera muturrera eraman eta botazioa behartu, hura galtzeko arrisku larrian geratu bazen ere ostegunean (20 aldeko boto justu bertaratutako 40 kontseilarien aldetik). Agiria sinatzen dugun sindikatuok Gobernu Kontseiluaren aurretik egin genion aldebiko bilera eskaerari ere ezezkoarekin erantzun zigun.

– ez dugu ulertzen Errektoretzaren blokeo jarrera kontu honetan, ezta zentroen itxierari dagokionean erakutsi duen elkarrizketarako jarrera eskasa ere. Are gutxiago beste zenbait gaitan, hala nola AZP arloko Lan Eskaintza Publikoaren negoziaketan, ikertzaileen lan baldintzetan edo kontziliazio neurrien negoziaketan erakutsitako jarrerarekin kontrastean.

– ez dugu ulertzen, ezta ere, Errektoretza taldeak ostegunean, araudia onartu berritan, langile guztioi bidalitako agiria ere, non besteak beste esaten den kalte ordainak desagertu direla, baina pizgarriak mantenduz lanaldiaren murrizketen bidez eta egutegi bat ezarriz egoera berrira igarotzeko, belaunaldi errelebo antolatua izateko. Hori ez da egia, besteak beste, lanaldiaren murrizketak ez direlako mantentzen, haien bertsio laburtuak baizik, erretiro adin arruntera lotuak gainera, borondateko erretiro aurreratura baino (ikusi bestela zeuek 2015eko akordioa: https://labur.eus/Ylqu7).  Alegia, Madrilen onartu eta Eusko Jaurlaritzak bere egindako erretiroen adina atzeratu eta erretiro aurreratua galarazteko neurri neoliberal eta  murriztaileen ildoan kokatzen dira neurriok. Ez dira aztertu ere egin bideragarriak diren beste neurri batzuk hala nola funtzionarioek txandako kontratua izateko aukera ere.

– alde batera utzita bakoitzak akordioaren hausketaren eta araudi berriaren aurrean hartuko duen auzibidea, sindikatuok prest jarraitzen dugu negoziazio bidera itzultzeko. Horretarako, ordea, aldebiko bilera eskatzen diogu Errektoretzari aztertzeko ea benetan aukerak dauden negoziaketa oinarriak berrezartzeko.

Nolanahi ere dei egiten dizuegu langileeoi datorren ostegunean goizeko 11-etan berriz ere Leioako campuseko Mikel Laboa plazan batu eta protesta egitera negoziaketa bideen urraketa honen aurrean.

UPV/EHU: negoziazio bideak eta langileen eskubideak errespetatu

STEILAS, CCOO. UGT, ELA, CGT/LKN, USO