Azaroaren 11an, Lakuan, Mahai Negoziatzaile bat izan genuen enpresarekin eta Hezkuntza Sailarekin. Bertan, kudeaketa langileen eta hezitzaileen egonkortze prozesua negoziatu ziren.

Gure aldetik ekarpenak egin dizkiegu bi dokumentuei, baina ez dituzte kontuan hartu. Horregatik, Haurreskolak Partzuergoan izan dugun esperientzia erabakigarria izateko, ondorengo puntuetan jarri dugu gure indarra. Hala nola, Haurreskoletan egin dugun lan esperientzia guztiak puntuatzea eskatu dugu, izan ere, haien proposamenarekin soilik 14 urteko lan esperientziarekin puntuazioaren topera iritsiko ginateke. Guk 18 urteak puntuatzea nahi dugu.

Honetaz gain, azken bi urtetako lan esperientziak bikoitza puntuatzea eskatzen jarraitu dugu.

Prozesuari begira, plaza lortu ezkero inongo kalterik gabe uko egiteko aukera txertatzea eskatu dugu. Baita plaza lortu dutenek lekualdatze lehiaketan finkoen ostean lortutako puntuazioaren arabera haien plazak eskuratzeko eskubidea ere.

Kudeaketa langileen deialdiei ere, baremoei dagokienez, ekarpenak egin ditugu. Alde batetik, eskakizun espezifikoak txertatu behar dira. Bestetik, 18 urtetako lana balioztatzea eskatu dugu; bai enpresa barruan kategoria ezberdinetan, eta baita ere, hezitzaile bezala proportzio ezberdinetan lan egindako esperientzia barematzea. Hizkuntzak barematzea ez dugu egoki ikusten, baina hauek ezinbestean barematu behar badira, euskara ere puntuatu beharko litzateke, ez soilik atzerriko hizkuntzak.

Eskaera guzti hauen ostean, enpresak aztertuko dituela esan du, eta negoziatzen jarraitzeko borondatea duela esan digu; ikusiko dugu noraino betetzen duten esandakoa.

Gainera, egonkortze prozesua ez da prozesu isolatua, lekualdatze lehiaketa, Lanpostuen zerrenda eta baremazioa aurrera eraman behar dira dagokien negoziazioarekin. Izan ere, batak bestea eragiten du eta lehenbailehen hasi behar gara lan horretan.

Mahai negoziatzaileko bigarren puntu garrantzitsua lan metaketak 6 hilabetetik 9ra pasatzeko proposamena izan da. STEILASetik, garbi dugu proposamen hau lan prekarioa egonkortzea dela, izan ere, ez daukate garbi 9 hilabete horretatik haratago ikasturte berean kontratu gehiago eman ahal dizkioten hautagaiei. Gainera, enpresak, aurten LEP arteko kontratuak egin ditu beharrak asetzeko, eta uste dugu, hori dela bidea, lanpostu egonkorrak sortzea ikasturte guztian lanean egon ahal izateko.

Amaitzeko, hauek izan dira guk mahai gainean jarri genituen beste gai batzuk:

  • Soldata igoera: soldata igoera aplikatzea eskatu dugu eta txosten bat jaso ostean ezarriko omen dute. Enpresaren jarrera salatu dugu, hau ere jendartearekin negoziatu behar delako eta ez alde bakarrez ezarri. Ez gaude ados igo nahi diguten soldata kopuruarekin.
  • Ordezkagunea: informazio berririk ez digute eman.
  • Baremazioa: ez digute informaziorik eman. Jakin badakigu egonkortze prozesuarekin oso lanpetuta daudela, baina beharrezkoa da prozesu hau aurrera eramatea, lotura zuzena izango baitu beste prozesuekin.
  • Ratioak: Haurreskolak Partzuergokoak ratioetan ezarritako murrizketak salatu ditugu. Enpresak ez ditu murrizketa horiek onartu.

Amaitzeko, mahai parekideak burutzea eskatu diogu enpresari. Bertan, mahai negoziatzaileetan landu behar ez diren gai ezberdinak jorratu ahal izateko. Gerenteak, mahai horiek burutzeko bere prestutasuna helarazi digu.