LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Gasteizko legebiltzarraren aurrean, Hezkuntza Legearen aurreproiektuarekin ados ez gaudela adierazteko eta hezkuntzako langileei abenduaren 14ko greba eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egiteko.
Sindikatuok, EAErako hezkuntza lege aurreproiektuari ezezkoa esateko, gure eskaerak plazaratzeko eta Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera bidali beharreko behin betiko lege-aurreproiektuan zein ondorengo Hezkuntza Legean eragin eta eskaera horiek jasoak izateko asmoz mobilizazio eta greba dinamika bat dugu adostua.
Azaroak 30ean sindikatuok deitutako greba eta mobilizazio egunak oso jarraipen zabala izan zuen. Bertan argi geratu zen Hezkuntzako langileen desadostasuna Hezkuntza Lege aurreproiektuarekiko.
Gaurko elkarretaratzea dinamika horren baitan kokatzen da. Eta sindikatuok Hezkuntza sistemako langile guztiak datorren Abendua 14rako deituta dugun greba eta mobilizazioetan parte hartzera animatu ditugu. Balizko Hezkuntza Legea izango bada langileokin eraikitakoa izango delako.
Mobilizazio hauen helburua adostutako aldarrikapenak behin betiko aurreproiektuan zein Legean jasoak geratzea da. Izan ere, EAEko Hezkuntza lege-aurreproiektuaren zirriborroa aztertuta, egungo hezkuntza-eredu duala betikotu eta gainditze bidean jartzen ez duela baloratu dugu hiru sindikatuok. Eta aldi berean, sare publiko bakar, euskaldun eta propiorako bidea egin beharko lukeen legea behar dugula partekatzen dugu.
Hezkuntza Legearen behin-betiko aurreproiektuan sindikatuen aldarrikapenak jasoko ez balira, egindako mobilizazio eta greba dinamikak baloratu eta ondoren etorriko den Legebiltzarreko izapidetzan zehar, hurrengo mobilizazio dinamika definituko dugu.
Legean jaso beharreko aldarrikapenak:
1.- Publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea nahi dugu.
2- Segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen legea nahi dugu.
3.- Publifikazio-marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea nahi dugu.
4.- Hezkuntza lege propioa nahi dugu.
5.- Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza legea nahi dugu.
6.- Euskara erdigunean jarriko duen Hezkuntza legea nahi dugu.
7.- Betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituen legea nahi dugu.
8.- Hezkuntza sistema osatzen dugun langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea nahi dugu.
9.- Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den hezkuntza legea nahi dugu.
10.- Hezkuntza lege parte-hartzailea nahi dugu, langileak aintzat hartuko dituena.
Leave A Comment