Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren kalitatea hobetzeko itunean jasotzen da berrikusiko direla ratioak itunaren indarraldian, pixkanaka murrizteko, hezkuntzaren kalitate estandarretara iritsi arte. Legegintzaldi honetako akordio programatikoan konpromisoa hartu zuten alderdiek ituna betetzeko, eta Carlos Gimeno kontseilariak behin baino gehiagotan adierazi zuen ituna bete behar zela.
Dena dela, UPNren garaiko murrizketak ezarritako ratioak gutxiagotu ondoren, deus ez da egin; are gehiago, COVID-19a dela eta, 2020-21 eta 2021-22 ikasturteetan Haur Hezkuntzako ratioa 25etik 20ra igaro zen, baina ikasturte honetan berriz ere 25era igo da. Aldiz, beste autonomia erkidego batzuetan erabaki dute ratioak jaistea, Haur Hezkuntzan hasita. Hain zuzen ere, Europar Batasunaren Haurtzarorako Sareak 20 ikasleko ratioak gomendatzen ditu Lehen eta Bigarren Hezkuntzan.
Ikastetxe gehienetan gelak nahiko txikiak dira, gehienezko ratioekin zaila da mugitzea, eta ez dira batere egokiak taldeka lan egiteko. Gainera, epez kanpoko matrikularekin ratioak gaindi daitezkeenez % 10ean, arazoa areagotzen da. Bestalde, ikasle gutxiago izatea gela bakoitzean prebentziozko neurria da airez transmititzen diren infekzio-gaixotasunen aurrean.
Ratio txikiagoak behar dira Hezigarri moduko Hezkuntzako Berrikuntza programa aurrera eramateko, zailtasun guztiak antzemateko eta aniztasuna behar den bezala jorratzeko. Ratioak jaistea ez da bakarrik garrantzitsua irakaskuntza hobetzeko, baizik eta ezinbestekoa da ikasleen bizikidetza errazteko, jazarpena saihesteko, inklusioa bermatzeko eta osasun mentala hobetzeko. Bide batez, irakasleen estres maila ere txikiagoa litzateke.
Hezkuntza Departamentuak dio batez besteko ratiok txikiak direla, jakinda landa eremuko eskola txikiek batez besteko hori asko beheratzen dutela, baina horrek ezkutatzen du ikastetxe batzuen errealitate latza. Ratioen jaitsiera orokorra bereizi behar da bestelako neurrietatik: ikastetxe konplexuenetan giza baliabideen hornidura handiagoa behar da, baina ikasle guztiek dute kalitatezko hezkuntza edukitzeko eskubidea.
Nafarroako Gobernuaren aitzakia itundutakoa ez betetzeko da ratioak jaitsiz gero, hezkuntza pribatuan talde gehiago sortu beharko liratekeela. Hori ez da egia, ikastetxe pribatuek erabaki dezakete ratioak jaistea eta ikasle gutxiagorekin gelditzea. Talde berriak eratu behar badira, sistema publikoan sor daitezke.
UPNren garaiko murrizketetan, ratioen igoerari garrantzia kentzeko, esan zuten ratioek maiz ez zutela zerikusirik hezkuntzaren kalitatearekin. 2022ko urtarrilean Carlos Gimenok adierazpenak egin ditu bide horretan, berak eta bere gobernuak hartutako konpromisoak ez betetzeko. Hortaz, hitzartutakoa ez badute betetzen, argi eta garbi geldituko da akordio programatikoa paper errea dela eta Nafarroako Gobernuak ez duela Hezkuntzan inongo sinesgarritasunik.
Leave A Comment