Laneko Arriskuen Prebentzioko 31/1995 Legearen 22. artikuluak honako hau ezartzen du: “enpresaburuak bere zerbitzura dauden langileei osasun-egoeraren aldizkako zaintza bermatuko die, lanari datxezkion arriskuen arabera”. Horrela, enpresa orok urtero laneko osasun-azterketa bat eskaini behar die langileei. Langileak ordea, azterketa egin ala ez aukeran dauka (bere lan-eginkizunak betetzeagatik langilearen osasuna arriskuan badago salbu; kasu horretan, azterketa medikua egitea nahitaezkoa izango da).

Bada, zerbitzua azpikontratatu den arte, eskubide hori nahiko normaltasunez bete da EHUn. Mediku azterketak egiteko hiru lan-mediku daude (Bilbo, Donostia eta Gasteiz) Unibertsitate Publikoan, eta horiekin batera, osasun-arloko mediku arduradun bat daukagu Leioan. Lau lanpostu horiek urte luzeetan zehar etxeko langileek bete, eta, zerbitzu eraginkorra eskaini dute. Alabaina, gaur egun Bilboko eta Gasteizko lanpostuak hutsik daude. Lanpostu horiek betetzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten langileak aurkitzea ezinezkoa omen da eta bi dira hori horrela izateko aurkitu diren arrazoiak: hautagaiek Laneko Medikuntzaren bidez BAMEa (Barne Mediku Egoiliarra) egin gabe izatea edota EHUk eskaintzen dituen lan-baldintzak. Izan ere, EHUko lanpostuei dagozkien lan-baldintzak ez dira sektore pribatukoei edota beste Administrazio Publikoetakoei dagozkien bezain erakargarriak. Hala, arestian aipaturiko guztia dela medio, Bilbon eta Gasteizen azpikontratatu egin da azterketa medikuak egiteko zerbitzua.

Erabaki hori hartu zenetik, zerbitzua azpikontrataren bidez jaso dugunok, zerbitzuak nabarmen egin duela okerrera egiaztatu dugu. Mediku egonkor batek eskaintzen zigun tratu profesional, hurbil eta enpatikoa erabat desagertu da. Orain, EHUko langileok klinika horietatik igarotzen diren beste bezero batzuk besterik ez gara. Guztiz inpertsonala den arreta daukagu, eta, oso ohikoa izaten da ezagutzen ez gaituen profesionalari gure historial medikua behin eta berriro azaldu behar izatea; logikoa bai, baina deserosoa ere bai aldi berean.

Gainera, kontratatutako klinika pribatu horietan egiten dituzten probak, gutxienekoetara mugatzen dira. Azterketa horietatik desagertu egin dira laneko osasunarekin zuzenean lotuta ez dauden eta eraginkorrak diren mediku-azterketa guztietan erabakigarriak diren aparteko hainbat proba. Hau da, etxeko gure medikuek egiten zizkigutenak; begietako tentsioa, koskorren haztapena, bizkarrezurraren miaketa, PSAren zehaztapena, funtzio tiroidearen probak… Hori ikusita, azpikontratatutako klinikei proba horiek guztiak beraien azterketetan sartzea eskatu zioten sindikatuek EHUko prebentzio-zerbitzuari.

Berriki jakinarazi digute Arabako campuseko azterketa medikoen kontratua bertan behera utzi dela. Hain zuzen ere, azterketaren sinpletasuna izan da unibertsitatearen eta Arabako klinikaren arteko kontratuaren nahitaezko deuseztapenari eragin dion arrazoietako bat. Era berean, beste klinika batekin egin beharreko kontratu berria laster esleituko dela esan digute.

Nolanahi ere, azterketa medikoak aldi jakin baterako azpikontratatuko dira, enplegua finkatzeko hurrengo LEPa bete arte, alegia, horrela baitio araudiak. STEILASen hala izatea espero dugu. EHUko Campus guztiek zerbitzu mediko osoa eta kalitatezkoa izan behar dute, Leioan eta Donostian dugun bezala.

Era berean, medikuen lanpostuak erakargarriagoak egite aldera, haien lan-baldintzen hobetzea aztertu daitezen eskatu dugu, gutxienez, beste administrazio batzuetako lanpostu baliokideekin berdintzeko.

Ez dugu aukera galdu nahi erizaintzako profesionalen lana behar duen moduan goraipatzeko. Haien egoera ez da erraza; izan ere, ondoan mediku arduradunik ez izan arren, aparteko lana egiten ari dira, gehiegizko lan-zama gorabehera. Medikuekin egin bezala, erizainen lan-baldintzak berrikustea ere eskatu dugu EHUko Laneko Prebentzio eta Lan Osasun Batzordean.