Atzo, irailaren 13an, Hitzarmen berriaren 5. negoziazio-mahaia egin zen. Gai-zerrendan 2021eko soldatak zeuden, STEILASek eta gainerako sindikatuek maiatzaren 30eko 3.negoziazio-mahaian aurkeztutako plataformei patronalaren kontraproposamena eta etorkizuneko 2022-20?? hitzarmeneko I., II. eta III. tituluetako akordioetan aurrera egitea.

Soldaten negoziazioari dagokionez, berriz ere jarrera zurruneko patronalekin egin genuen topo, negoziazioari ekin gabe eta sektoreko langileekin arduragabekeriaz jokatuz. KE eta AICE-IZEA patronalek argudio zaharrak erabili zituzten gaia ixten saiatzekoko eta soldatei dagokienez ezer ez negoziatzeko. 2021erako soldatak izoztea planteatzen jarraitzen dute, % 0,0. Ikastetxeen ziurgabetasuna, iraunkortasuna eta bideragarritasuna, beharrezko marjinak… izan dira haien argudioak.

Aurreko Negoziazio Mahaian, 4.ean, joan den ekainaren 21ean, “konpromisoak hartzeko unea

ez zela” adierazi zuten patronalek, hezkuntza-itunen ziurgabetasunagatik. Noiz bai?, galdetzen genion geure buruari. Egun horretan bertan, Hezkuntza Sailak EHAAn argitaratu zuen itunak berritzeko agindua, eta uztailaren 26an EHAAn argitaratu zen irailetik aurrera itunpeko ikastetxe pribatuetarako modulu ekonomikoen aldaketa. Modulu horrek % 5,7 eta % 6,3 artean igotzen zuen irakasleentzako modulua etaparen arabera, % 27,95 irakasle ez direnentzako modulua eta % 25,44 “Funtzionamendu eta Mantentze-lan”etarako eta “Gauzatutako Inbertsio”etarako moduluak. Guztira, Haur eta Batxilergo arteko etapetako moduluen % 8,3 eta % 8,7 arteko igoerak! Igoera horiei 2021ean %2koa eta 2022ko urtarrilean %0,9koa gehitu behar zaizkie. Itunpeko ikastetxe pribatuen finantzaketa publikoaren igoera ikaragarriak!

Hitzarmenean jasota dagoenez, soldata-igoerak negoziazio-mahaian adosten dira, eta ez daude inolaz ere lotuta finantzaketa publikoarekin, baina ez dugu onartuko KE eta AICE-ICEA patronalek guri adarra jotzea eta soldata-igoeraren negoziazioa blokeatzea edukirik gabeko diskurtso subjektiboekin. Are gehiago, 2021eko KPIa % 6,4koa izan zenean EAEn eta 2022koa % 10ekoaren gainetik dagoenean. KE eta AICE-IZEA patronalak oker daude uste badute STEILASek uko egingo diola noizbait 2021erako eskatzen dugun % 2ko soldata-igoera negoziatzeari.

Bestalde, KEk eta AICE-IZEAk ez zuten STEILASen plataformaren ezta gainerako sindikatuen plataformen burzko kontraproposamenik ekarri; esku hutsik etorri ziren, etxerako lanak egin gabe, kontraproposamenik gabe. Beren betebeharrarekiko arduragabekeria hori ezin dugu onartu, eta, hiru ordu baino gehiago bilduta egon ondoren, beren gain hartu behar izan zuten. Urrian eta azaroan hiru Negoziazio Mahai gehiago egitea adostu genuen. Mahai horietan beren kontraproposamena aurkezteko konpromisoa hartu zuten, eta STEILASek gure aldarrikapen nagusiak azpimarratzen jarraituko du: kolektibo feminizatuenen eta prekarizatuenen baldintzak hobetzea, Lanbide Heziketa arautzea, irakastorduak murriztea eta galdutako eros-ahalmena berreskuratzea.

BENETAZKO NEGOAZIAZIOA ORAIN, ASKI DA!