Aurreko informazio-orrietan esan genuen bezala, joan den irailaren 13ko Gizarte Ekimeneko hitzarmen
berriaren negoziazio-mahaian, urrian eta azaroan zehar beste hiru negoziazio-mahai egutegia adostu
genuen, patronalek hirugarren bileran kontraproposamena aurkezteko konpromisoa hartzera behartuz.
Joan den astelehenean, azaroaren 7an, hiru bilera horietatik bigarrena izan genuen, eta STEILASek
berriro jarri zituen mahai gainean hitzarmen berrirako proposamenak, 4. eta 5. tituluetan. Gainerako
sindikatuek ere bereak azaldu zituzten, eta patronalek, nahiz eta ekainetik ezagutu, entzun eta
hirugarren bileran proposamena aurkezteko konpromisoa berretsi besterik ez zuten egin.
Azaroaren 29an izango den hirugarren bilera horretan, Kristau Eskolak eta AICEk negoziazioa eta
posizionamenduak hurbiltzea ahalbidetuko duen proposamen batekin etorri behar dute. Orain arte,
iragarri dugun bezala “ez negoziazio” fasean jarraitzen dugu, patronalen prozesua luzatzeko estrategia
horretan.
Bestalde, atzo, azaroaren 9an, beste negoziazio-mahai bat izan genuen, kasu honetan Lanbide
Heziketakoa. Azken bileran, STEILASek, gainerako sindikatuekin batera, oso argi utzi zuen patronalen
proposamenak ez zirela nahikoak fundamentuzko negoziazio bati ekiteko. Hala eta guztiz ere, atzo,
Kristau Eskolak eta AICEk ez zuten proposamen berririk ekarri, eta berriro ere bilera edukirik gabeko
bilera bihurtu zen.
STEILASetik patronalei eskatzen diegu azaroaren 29ko bileran LHrako ere proposamenak ekar ditzatela,
jarrerak hurbiltzeko eta, jakina, indarrean dagoen hitzarmena urratu gabe. Behin eta berriz esan dugun
bezala, Lanbide Heziketa arautzeko prest gaude, baina ez prekarizaziorantz, ezta eskuratutako
eskubideei uko eginez ere.
Leave A Comment