Otsailaren 15eko greba egunean goizez zein arratsaldez kaleak bete genituen, jarraipen handiena Hezkuntza Publikoan izan zen, langileon herenak baino gehiagok greba egin zenuten (zifra altua, beste heren bat baino gehiago zerbitzu minimoetara behartu zituztela ikusita). Zorionak greba eta mobilizazioetan parte hartu zenuten guztioi, eta atzoko borrokak ea Nafarroako Gobernua negoziatzera eta lanera jartzen duen behingoz, irakaskuntza langileon lan baldintzak hobetzera!! Eskola publikoa babestu!

Sindikatu deitzaileon balorazioa:

Foru Administrazioan egindako greba eta mobilizazioak antolatu ditugun sindikatuok eskerrak eman nahi dizkiegu borroka-egun honetan parte hartu duten pertsona guztiei, gurekin bat egiteagatik zerbitzu publikoak eta administrazioko langileen lan baldintzak defendatzeko. Ez gara hasiko eztabaidatzen zenbat langilek egin duten greba; izan ere, ezarri dituzten gehiegizko zerbitzu minimoek ez dute aukerarik ematen ikusteko benetan zenbat langilek erabaki duten lana uztea. Nolanahi ere, kalean bi mobilizazio handi ikusi dira, langile publikoen haserrea zenbatekoa den erakusteko balio izan dutenak.

Nafarroako Gobernuari egin dizkiogun aldarrikapenak aski ezagunak dira. Herritarrentzako kalitatezko zerbitzu publikoak nahi ditugu, bai eta gure lana egiteko baldintza duinak ere. Sektore publikoan gehiago inbertitu dezatela nahi dugu; ez ditzatela zerbitzu gehiago pribatizatu, eta egin diren pribatizazioak esku publikoetara itzul daitezela; eta itun zabal bat eskatzen dugu Administrazioaren, bertako langileen eta gizartearen artean, zerbitzu publikoak blindatzeko. Berriz esaten dugu Administrazioarekin benetako negoziazio prozesu bat egin beharra dagoela, eta negoziazio hori horretarako ezarrita dauden foroetan egin behar dela: mahai sektorialetan eta mahai orokorrean.

Azkenik, Administrazioko langileak animatu nahi ditugu helburu horiek defendatzen segi dezaten, benetako emaitzak lortu arte. Eta greba-deialdi hau egin dugun sindikatuok konpromisoa hartzen dugu langileekin batera lan egiten segitzeko, enplegu eta zerbitzu publiko duinak lortzeko asmoz.