Hezkuntza Legearen dokumentua legebiltzarrera iritsiko den honetan, baditugu nahikoa arrazoi arduratuta egoteko. Dokumentu hori sostengatzen duten eta dagoeneko publiko diren dekretu eta aginduek hezkuntza publikoa kinka larrian jartzen dute.
Horren adibide garbia 132/2022 Onarpen dekretuak eskola-plazen eskaintzaren plangintza eskolatze-premia errealetara egokitu behar dela jasotzen du, gehiegizko eskaintza eta eskaintza eskasa saihesteko. Zalantzarik gabe, ikastetxe pribatuen gaineskaintza ekiditea izango litzateke segregazioa ekiditeko tresna paregabea, baita Euskal Eskola Publikoari bere erdiguneko tokia ematea ere. Aurten pixka bat moldatu bada ere, pribatuaren gaineskaintzak bere horretan jarraitzen du, esate baterako, Andoainen edo Zamudion %15eko eskaintza soilik da publikoa.
Hezkuntzako sailburuordeak bere adierazpenetan aipatzen zuen gaineskaintza ez dela orain mugatuko, aurtengo matrikularen ondoren egingo dela. Baina planifikazioa aldez aurretik egin beharreko zerbait da, soilik 70 ume jaiotzen diren udalerri batean aukera ematen badiozu ikastetxe itundu bati 50 ume matrikulatzeko dohainik, gero ezingo duzu matrikula hori mugatu, esan bezala, neurria lehenago jarri behar delako. Eta egun dugun planifikazioa itundutako ikastetxeen eskaintzaren gainean egin da.
Adierazpen horietan ere sailburuordeak zaurgarritasuna baloratzeko irizpide neurgarriak egongo direla aipatzen zuen. Baieztapenetatik haratago horiek zeintzuk izango diren ez da publiko egin ordea. Bestetik familienganako konfiantza aipatzen zuen neurri gisa. Berresten dugu, etengabe zirrikituak bilatzen dituen sistema baztertzaile bat egituratzeko ezin direla konfiantza eta sinesmena tresnatzat hartu. Gainera, Ikasleek bete beharko dituzten inkestek egun ez dute frogagiririk beharko, beraz, begi-bistakoa da, besteak beste, betetzen dituenaren pertzepzio, hizkuntza gaitasun eta ikastetxearekiko harremanaren baitan egon daitezkeela.
Horretaz gain inkestari berari erreparatuz, zaurgarritasuna ebaluatzeko duen gaitasuna ere zalantzan jarri daiteke; ordainpeko telebista, bainugela edo auto gutxiago izatea ez baita beti zaurgarritasunaren seinale, hautu politikoen ondorio ere izan ahal da. Gainera, gaur egun ditugun datu zehatzei erreparatuz, inkestarik gabe eginikoak, jakin badakiguna da ikastetxera iritsi diren zaurgarritasun tasek ez dutela bat egiten bertan dagoen errealitatearekin, ezta bertako bekadun kopuruarekin ere.
Ikasle zaurgarrien banaketa orekatua xede duten abenduaren 21eko aginduarekin batera eragin eremuen berrantolaketa iritsi da, zeinaren bitartez eremuak handitu egin dira. Horrek ondorio larri asko izango ditu: ikasle garraiatu gehiago egotea, pribatuaren aukera eremua handitzea, eskaintza publikorik ez duten herriak zuritzea.
Gaineskaintza horrela gertutasuna gehiago barematzen indargabetuta gelditzen da, hainbat herrietan ez baita egongo barematzeko beharrik.
STEILASen aldarrikapen historikoa izan da “0 kilometro”ko hezkuntza, baina publikoa eta pribatua modu ulerkaitzean berdindu diren honetan, ikasle zaurgarriak eskola publikotik at atera nahi diren honetan, gertutasuna ezin da beste hainbat irizpiderekiko gailendu. Ikasle guztientzat D ereduko ikaspostu publiko bat bermatzea izan beharko litzateke lehentasuna, gertuen dagoen ikastetxea ez bada ere.
Motzean, guk ez dugu zalantzarik hau ez dela inklusioa eta kohesiorako bidea, horretarako jaiotze tasaren jaitsiera honen aurrean hezkuntza pribatuaren eskaintza mugatu beharko litzateke nabarmenki eta aldi berean, hezkuntza publikoa sistemaren ardatz bihurtu beharko litzateke, inbertsio eta baliabideak handituz noski.
Honetaz gain, salatu nahi dugu ere 0-2 etapan Haurreskolak Partzuergo publikoa doakoa izango dela esan arren, oraindik ez dakigula nola gauzatuko den. Familiak galdezka ditugu, pribatuetan jada izena eman dezaketelako baina publikoan izen ematea maiatzean egingo da eta ez dira baremoak ezagutzen. Gainera, eskaintzaren inguruko hausnarketarik ere ez dago Haurreskolak Partzuergoan ezta Hezkuntza sailean. Herrietan eskaintza nahikoa dagoen ez dakigu eta badakigu hiriburu askotan itxaron zerrendak ere badaudela eta beharrezkoak diren plazak sortzeko inongo asmorik ez dute azaldu, hori oso larria da. Hezkuntza legearen zirriborroan Haurreskolak Partzuergoa indartuko zutela jasota agertezen baina gaur gaurkoz ez dute ezer egin.
Lan baldintzak
Baina argi dago aspalditik hezkuntza publikoa pribatuaren subsidiario bilakatzen ari dela, ez baita bertako langileen lan baldintzak indartzeko ahaleginik egiten. Hori horrela, Hezkuntza Saila langileen eskaera eta beharren aurrean, arreta presentziala eta zuzena ez emanez bunkerizatu egin da eta langileekiko lan zama areagotu egin du nabarmen. Ikastetxeak itota daude sailak hartutako erabakien ondorioz: digitalizazio eta curriculumaren inguruko formakuntza mardulak baina edukiz hutsak antolatu dira, premia bereziko ikasleentzat baliabide gutxiago daude, zuzendaritzen eginkizunak biderkatu egin dira, udako kobrantza kentzeko mehatxua dugu mahai gainean, lizentzia eta baimenak hartzeko zailtasunak…
Hori guztia gutxi izango balitz, gainera HH eta LHko sostengu izan diren Berritzeguneak aldebakarrez berrantolatu dituzte, eta hainbat langileren jubilazioak ordezkatu gabe geratu dira, hezkuntza sistema osoaren kalitatea jokoan jarriz. Orain arte halako gaiak sindikatuekin negoziatu eta adostu izan badira, orain aldebakarrez jokatzen du Hezkuntza Sailak orokorrean, negoziaziorako mahaiak informatibo bilakatu baitira. Beraz, hitz egiteko prestutasunez haratago, eraginkortasuna eta negoziazioa eskatzen diogu sailari, helburua ez baita gu entretenituak izatea baizik eta langileen egunerokoa eta lan-baldintzak hobetzea.
Matrikulatu euskal eskola publikoan
Eskola publikoa da herri baten oinarriak eraikitzen dituen hezkuntza: kohesio soziala bermatzen duena, ikasle guztientzat euskara eta gure kulturaren transmisiorako ezinbesteko tresna, jakintza komunak bermatzen dituena, aniztasunean bizitzen erakusten duena. Desberdin pentsatu eta desberdin bizi direnen arteko elkargunea da XXI. mendeko eskola.
Eskola publikoak familiak eta langileak elkarlanean aritzeko baliabideak eskaintzen ditu; lidergo partekatuen bidez eta erabaki adostuen bidez eskola eraikitzeko aukera dugu herri ikastetxeetan. Eskola hurbilak dira, auzoko eta herriko errealitatea jasotzen dutenak. Alabaina, eskaintzen zaizkigun aukera horiek gauzatzeko, langileon eta familien konpromiso sendoa behar da. Zuzendaritzek, adibidez, ardura zuzena dute eskolaren ateak zabaltzeko eta parte hartzea sustatzeko garaian; gainerako langileok familien parte hartzera eta iradokizunetara zabalik egon behar dugu. Familiek beraien parte hartzeko aukerak eta inplikazioa modu eraginkorrean bideratzeko konpromisoa izan behar dute. Eta, zorionez, gero eta gehiago dira bide horri helduta eskola komunitate sendoak eraikitzen ari diren herri ikastetxeak.
Baina Sailak bere eskumen zuzenekoak diren ikastetxeen etorkizuna zaintzen ez badu ere, guk argi dugu zalantzarik gabe PUBLIKOA dela gure apustua. Eta badakigu ez garela horren alde borrokatzeko prest gauden bakarrak. Horregatik, gizarte justu baten alde borrokatzeko prest zaudetelako, Euskal eskola publikoan matrikulatzera deitzen zaituztegu, hori delako gizarte kohesionatu eta euskaldun baten alde borrokatzeko bide bakarra, euskal eskola publikoa delako euskalduna, inklusiboa, feminista, laikoa, doakoa, kalitatezkoa, kulturartekoa eta orekatzailea izan daiteken bakarra. Eta hori gu guztion ardura da, egin dezagun apustu Euskal Eskola Publikoaren alde, denona eta denontzat den bakarra.
Leave A Comment