Otsailaren 17tik 23ra, pobrezia energetikoaren aurkako astea ospatzen dugu, 1956ko otsailean Europan zehar izandako hirugarren eta azken hotzaldia gogoratuz. Erregistroak daudenetik, negurik gogorrena izan zen hura Europa eta Euskal Herrian, izan ere, aparteko izozteak eta hotz handia jasan zituen Europak hilabete horretan.
Pobrezia energetikoaz ari gara biztanleek ezin badute etxebizitza tenperatura egokian mantendu eta energia era normal batean erabili. Horretarako, fakturak ordaindu ahal izan behar dira, zorpetu gabe, eta zoritxarrez, argindarraren fakturak ordaintzeko atzerapenak ere normalizatu egin dira familia askotan. Etxe horietan haurrak eta gazteak daudenean, egoera are gehiago okertzen da, haien ongizateari edo elikadurari (askotan osasungarria ez dena) lehentasuna ematen baitzaie, fakturak ordaintzeari baino.
Horrez gain, garrantzitsua da oinarrizko zerbitzuetako prekarietatearen eta genero-desberdintasunaren arteko harremana azpimarratzea. Izan ere, ordaindu ezin diren fakturek emakumeei eragiten diete gehien, eremu pribatuari (etxea) eta zaintza-lanari lotuen bizi direnak baitira, estres- eta osasun-arazoak areagotuz. Pobrezia energetikoaren ondorioek pobrezia jasaten duen pertsonaren bizitzaren alderdi guztiak hartzen dituzte barnean, eta zalantzarik gabe, etxea kudeatzeko erantzukizuna, denborak, estigmatizazioa… gehienbat emakumeei dagokie. Funtsezko energia-zerbitzurik gabe ezin dira bizi-baldintza duinak bermatu.
STEILASetik, energia funtsezko ondasun komuna dela defendatzen dugu, eta horrek dakartzan zerbitzu publikoko betebeharrekin kudeatu behar dela, Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordeak 2013an Europako energia-pobreziari buruzko irizpenean aitortu zuen bezala.
Haurren eta nerabeen energia-eskubideei dagokienez, garrantzitsua da oinarrizko hornidurak mehatxatuta dituzten etxeetan haurren eta gazteen bizitza nolakoa den jakitea; izan ere, egoera horretan bizitzeak mota askotako ondorioak ditu biztanle gazteenen artean. Osasun fisikoaz ari bagara, ondorio nagusiak hauek dira: arnas gaixotasunen maiztasun, intentsitate eta iraunkortasun handiagoa, hala nola asma eta bronkitisa, eta nutrizio desegokiarekin lotutako arazoak. Osasun mentalari dagokionez, gogoratu behar da nerabeei eragiten dietela gehien estres-, erruduntasun- edo estigma-egoerek, adibidez, higiene pertsonalik ezarekin lotuta egon daitezkeenak. Datuen arabera, energia-prekarietatea jasaten duten nerabeek 5 aldiz aukera gehiago dituzte osasun mentaleko arazoak garatzeko beren adineko gainerako biztanleek baino. Hezkuntza-errendimenduan ere badu eragina: gaixotasunerako joera handiagoa izateak absentismo handiagoa dakar, eta energia-baliabideak mugatzeak, berriz, zaildu egiten du etxean egin beharreko lanak egitea.
Hornidurak moztea arriskutsua da haurren eta nerabeen segurtasunerako; izan ere, oinarrizko premiak asetzeko ezinbesteko baliabideak direnez, familiek aukera ez hain seguruak erabiltzen dituzte horiek betetzeko. Horren adibide dira gas-berogailuak edo sare elektrikorako sarbide irregularra, horrek dakarren traumatismo elektrikoen, suteen edo intoxikazioen arrisku handiarekin.
Haur eta nerabeen eskubideen ikuspegitik hezkuntza edo osasuna ematen badugu eta energia-prekarietateak biak urratzen baditu, bizitza eta energia duinean pentsatzeko garaia da. Beraien osasun fisiko eta mentalean konprometitu behar dugu. Ezin dugu aukera-berdintasunaz hitz egin oinarrizko hornidurak eta etxebizitzen segurtasuna kontuan hartu gabe.
Detekzio-sistemak hobetzea premia larria da, kasu asko oharkabean pasatzen baitira. Horretarako, STEILASek uste du garrantzitsua izango litzatekeela ikastetxe eta bertako profesionalekin lan egin ahal izatea, protokoloak eta beharrezko prestakuntza eguneratuz, kasu horiek detektatu ahal izateko eta administrazioetatik esku hartu ahal izateko.
Leave A Comment