MAIATZAREN 20ko MOBILIZAZIO DEIALDIAREN ADIERAZPENA
Azken aldi honetan natura guneak eta landa ingurunea industrializatuko dituzten azpiegitura berri ugariren eraso bortitza pairatzen ari gara.
Guztiz kezkagarria da ikustea nola inbertitzaile handiak gure lurraldera datozen berriro ere, ingurune naturala hondatzen jarraitzeko eta orain arte kontserbatu diren baliabide natural urriak lapurtzen segitzeko.
Trenbide proiektu eta azpiegiturak, zentral eolikoak edo fotovoltaikoak eta horiei dagozkien banaketa-lineak, erraustegiak, negutegi industrialak eta animaliak hazteko ustiapen intentsiboko fabrikak. Horiek guztiak agertzen dira Euskal Herriko mapan, jada martxan dauden proiektuak edo laster gauzatzekoak direlako.
Proiektu horiek eremu komunalak eta laborantza-lurrak bereganatzen dituzte, gure lurraldea egituratzen duten eta bizitzari eusten dioten ekosistemen desagertzea dakartelarik.
Guzti honen asmoa argia ikusten dugu: landa eremua eta bertako bizimodua apurka-apurka desegitea, gure mantenuaren oinarri diren komunitate txikiak eta baserriak desagertaraziz.
Politikari askok, enpresa handiek ezarritako ibilbidea berea eginez, industrializazio proiektu handiaren aldean ingurune natural horien garrantzia eskasa dela diote eta izkutatzen digute enpresa horiek direla, hain zuzen ere, politika suntsigarri horren onuradun bakarrak.
Horrela diru publikoa patrika pribatuetara eramaten dute. Halaxe xahutu da eta oraindik xahutzen ari da horrenbeste diru AHT-n, errausteko plantetan eta zabortegi industrialetan.
Hau ez da lapurreta ekonomikoa bakarrik; proiektu horiek pertsonen osasunari ere egiten diote kalte.
Hori gutxi ez eta Administrazioak lagundu egiten du, legeria korporazio handi horien interesetara egokituz, eta baliabide publikoak eta espazio komunalak jartzen ditu haien esku. Horren adibide dira Tapia Legea eta Nafarroako homologoa. Udalei eta kontzejuei beren lurraldeen gaineko erabakiak hartzeko aukera kentzen diete, eta haien subiranotasuna urratzen dute.
“Trantsizio energetikoa” edo “deskarbonizazioa” bezalako terminoek beren esanahia galtzen dute gaur egungo krisi ekosoziala eragin duten berberek behin eta berriz erabiltzen dituztenean. Jatorri fosileko energiaren ordez energia berriztagarria erabil daitekeela argudiatzen dute, inork beren merkatu-esparru berria zalantzan jar ez dezan.
Merkatuaren logikak produktuen eta energiaren kontsumo neurrigabe eta zorora bultzatzen gaitu. Horren ondorio zuzena da transgenikoen inposizioa, zeintzuk mendekotasun berriak sortzen dituzten eta gure haziak askatasunez ereiteko gaitasuna kentzen diguten.
Lur emankorren erabilera aldatzea eta baserri eta etxalde txikiak baztertzea haiekin espekulatzeko, eraso zuzena da elikadura subiranotasunaren aurka; baserri eta etxalde txikietako ustiatze ereduaren desagertzea oso hurbil dugu.
Historian zehar, landa eremuek politika desarrollisten mende jarri behar izan dituzte beren ondarea eta jakintza. Horren truke, bazterketa latza jasan dute, nahita ezarria eta programatua.
Ingurune naturala eta laborantza lurrak mantentzea ezinbestekoa da bizitza bermatzeko. Horiek hondatzen baditugu, atzera-bueltarik gabeko ondorioak izango dituzte ekosistema naturalak, landa-eremuko ekosistemak, eta baita ekosistema sozialak ere.
Ez dugu onartuko kontsumoa nabarmen murriztea eta produkzio sistema berregituratzea aurreikusten ez duen politikarik; produkzio sistema ondasun komunala hobetzera bideratu behar da.
Horregatik, natura benetan babestuko duen politika eskatzen dugu, gure habitata babestea, inbertitzaileen diru goseari men egin gabe; energia eskuratzeko aukera unibertsala ekarriko duen politika, pertsonen beharrei erantzungo dien eredu deszentralizatu eta tokikoan oinarritua.
Erabakiak pertsonengan jarriko dituzten politikak behar ditugu, eta ez kapitalaren interesetan oinarritutakoak: garraio sistema sozial bat garatzea bultzatuko duten politikak, eskala txikiko nekazaritza eta abeltzaintza eredua bultzatuko duten politikak, energia berriztagarrien hedapena eta biodibertsitatearen kontserbazioa bateratuko dituzten politikak. Azken batean, natura-ondarea, arkeologia-ondarea, gizarte-ondarea eta kultura-ondarea kaltetuko ez dituen eredua behar dugu.
Euskal Herriko mendiak, natura guneak eta landa ingurunea ez dira kapitalak konkistatzeko guneak!
MAIATZAren 20an GASTEIZen
LURRAREN DEFENTSAN, EUSKAL HERRIA BIZIRIK
Leave A Comment