STEILASeko Idazkaritza Feministak aurten ere Martxoak 8rako, emakumeen nazioarteko eguna aprobetxatuz, hainbat ekimen antolatu ditu. Aurten ekofeminismoan jarri dugu begirada.
Izan ere, Ekofeminismoak agerian uzten du egungo sistema kapitalista patriarkalak bai baliabide naturalak bai lan erreproduktiboa -batez ere emakumeek egina eta doakoa- sistematikoki ustiatzen dituela agortu arte.
Horregatik aurten bi ekintza antolatu ditugu:
Batetik, “Eskola feminista Eraikiz” izenburupean gaur bertan Steilaseko sindikatuko liberatu eta nahi izan duten afiliatuek formazioa jaso, eta ekofeminismoaz eta hezkuntzaz hausnartzeko aukera izan dugu Gasteizko egoitzan oraintxe bertan. Formazioa EHUko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak diren, Estitxu Villamor Lomasek, trantsizio energetikoan eta ingurumen aztarnetan adituak, eta Mirene Begiristain Zubillagak, ekonomialaria eta ikuspegi agroekologikotik elikagai sistemetan adituak, emango dute.
Bestetik, “Eskola ekofeminista eraiki dezagun” unitate didaktikoa ere sortu dugu. Material honekin, ikastetxeei begira zenbait gako eskaini nahi ditugu, Haur Hezkuntzatik hasita Batxilergoraino ikasleekin proposamen batzuk landu daitezen; trantsizio ekologiko feminista ikastetxeetan sustatzeko asmoz egin dugu.
STEILASek urteak daramatza ekosozialismoa eta hezkuntza uztartzen, horretan sakontzeko konpromisoa hartu genuen iaz Iruñean egin genuen Kongresuan. Eta STEILASeko Idazkaritza Feministak gaur egungo egiturazko krisi ekosozialaren erronkari eutsiz, lehen aldiz proposamen didaktiko ekofeminista bat egin du; ekofeminismoa ekologismoaren eta feminismoaren arteko topagunea delako.
Ikuspegi ekofeministak, beraz, behartu egiten gaitu gure gizarte-antolakuntza, eta ekoizteko eta kontsumitzeko dugun ereduaren kontraesanak berraztertzera. Hala, modu bidezkoagoak eta orekatuagoak proposatzen dizkigu planeta eta pertsonen arteko harremanetan. Bide horretan sakontzeko asmoarekin aurkezten dugu gaur “Eskola ekofeminista eraiki dezagun” unitate didaktikoa, ikasgeletatik alternatiba errealista eta bidezko bat zehazten joateko, genero-berdintasuna eta biztanleriaren zati handi bat pobretzearen aurkako borrokan barne hartuta.
Materiala Hezkuntza zentro guztietara bidali dugu eta gure sareen bitartez partekatu dugu. Web orritik zuzenean deskarga daiteke ere: M8-ko unitate didaktikoa: eskola ekofeminista eraiki dezagun! – Steilas
Leave A Comment