LGTBIQ+ irakasle asko oraindik ez da ikusgarri ikastetxean. Sistema patriarkal zisheterosexistak erabiltzen du beldurra armairua gotortzeko eta ikusezin bizitzeko. Horrek oso eredu kaltegarria ematen die ikasleei. Aniztasun sexu-generikoa jorratzen denean, jorratzen bada, badirudi ikastetxean ez dagoela heldurik LGTBIQ+ denik. Egon, badaudela, baina ikastetxe horretatik urruti edo erabat izkutatuta.
Giro horretan LGTBIQ+fobia indartzea oso erraza da, jazarpena ohikoa izan daiteke eta normaltzat hartzen da bollerak, maritxuak eta transak erasotzea. Curriculum ezkutuan, eta maiz curriculum esplizituan, balio matxistak inongo trabarik gabe transmititzen dira. LGTBIQ+ pertsonak babesteko sortu diren lege eta arau guztiak paper erre bilakatzen dira. Alde horretatik, itundutako hainbeste ikastetxe pribatu katoliko egoteak, eta Hezkuntza lege berriarekin alfonbra gorria jartzeak, zigorgabetasun giro itogarria sortzen du eta laguntzen du eskola LGTBIQ+fobia iraunarazten.
LGTBIQ+ berdintasunaren inguruko jarduerak oso interesgarriak izan daitezke, baina ez dira oso eraginkorrak izaten, baldin eta ikasleek nabaritzen badute irakasleak armairuan daudela. Itxurakeriatzat hartuko dute eta pentsatuko dute antzerki “progrea” besterik ez dela.
Aldiz, ikasleek erreferentziazko LGTBIQ+ irakasleak dituztenean, eredu positiboak ikusgarri egiten dira, bertan daude, ez amestutako mundu idiliko eta eskuraezin batean. LGTBIQ+ ikasleek sumatzen dute haien sexualitateak edo/eta identitateak zilegiak eta onuragarriak direla. Bestalde, LGTBIQ+ ez diren ikasleek ikasten dute begirunea ezinbestekoa dela eta zisheteroarauren inposizioa kaltegarria dela denontzat.
Hitz polit asko entzuten ari ditugun arren, diru publikoarekin gutiz horniturik egongo diren kristau eskoletan laikotasuna eta LGTBIQ+ pertsonak ikusezin izaten jarraituko dute, eta hori ere LGTBIQ+fobia ere bada.
Leave A Comment