Hezkuntza Sailarekin izandako azken bileran, hurrengo ikasturtetik (2023-24) aurrera ikasturte osoko lanpostuetan aritu ez diren ordezkoentzat udako kobraketan aldaketak egin nahi dituztela jakinarazi ziguten. Bakantea edo ikasturte osoko ordezkapena dutenek, kontratua abuztuaren 31 arte izaten jarraituko dute, baina gainontzeko ordezkoekin zer gertatuko den ez dakigu oraindik.

Aparteko ordainsariaren zatia eta oporrei dagokiena ordezkapen bakoitzaamaitzean txertatu nahi dituzte. Era horretan 165 eguneko irizpidea desagertuko da eta aspaldi lortutako eskubidea murriztuko dute. Sindikatuekin negoziatu nahi dutela adierazi du Hezkuntza Sailak. STEILASen argi dugu ez dugula gure lan baldintzen okertzerik onartuko.

Neurri hau gure sektorean dagoeneko zaurgarriak diren ordezko askoren egoerari eragingo dio, zalantzarik gabe. Baina ez dira kaltetuak izango diren bakarrak, beste hainbat lizentzia eta baimenetan ere aplikatu nahi dituzte murrizketak: edoskitze metatuan, 50 orduko lizentzia eta adinagatiko lanaldi herenaren murrizketak ordu lektiboetan, esaterako.

STEILASen jakinarazi nahi dugu ez dugula atzerapausorik onartuko eta eraso honen aurrean batasun sindikala bilatuko dugu beharrezko mobilizazioak antolatzeko bidean.