Gaur bildu garen sindikatuok onartezina deritzogu Hezkuntza Sailak langileen eskubideak murrizten edo urratzen duten erabakiak aldebakarrez hartzea.

Egoera honen azken adibidea udako kobrantzan ezarri nahi diren aldaketak dira. Datorren ikasturteari begira azken urteetan erabili izan den sistema alde batera utzi eta ordezkoen udako kobrantzari dagokionez proposamen berri bat jarri nahi du Hezkuntza Sailak mahai gainean.

Ikasturtean zehar ordezkapenak egiten ibiliko diren ordezkoei, abuztuko oporren likidazioa kontratu bakoitzaren amaieran egingo zaie, eta beraz, formula berri honek hainbat ziurgabetasun sortzen ditu garrantzitsuak diren kontuen inguruan: puntuazioa eta kotizazioa, uztaila kobratuko den ere.

Guretzat 165 egunen aitortza, 2010eko Akordio Arautzailean onartua, bertan behera uztea onartezina da, batetik, dagoeneko zaurgarria den ordezkoen sektorearen kontra egiten duelako, eta, bestetik, funtzionario eta interinoen eskubideen arteko desberdintasuna areagotzera datorrelako. Horregatik, udako ordainketari dagokion auzia lehenbailehen mahai sektorialetan landu beharrekoa dela aldarrikatzen dugu, urritik aurrera abiatuko den lan hitzarmenari lotuta, ordezkoen araudi berri baten negoziazioaren baitan.

Horretan, hezkuntza sailak bermatu beharra dauka ordezko diren langileek ez dutela eros-ahalmenean galerarik izango, eta lan egindako 165 egun aitortzen zaizkiela ordainsaria (apartekoak barne), puntuazioa eta kotizazioari dagokionez.

Horregatik sinatzen dugun sindikatuok Ekainak 15ean gauzatuko ditugun elkarretaratzeetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Ez dugu Hezkuntza Sailak aldebakarrez gure eskubideak murrizten jarraitzea onartuko.

  • Donostian, 18:00etan, Lurralde Ordezkaritzaren parean
  • Gasteizen, 18.00etan, Lurralde Ordezkaritzaren aurrean
  • Bilbon, 18.00etan, Lurralde Ordezkaritzaren aurrean

BORROKA DEZAGUN UDAKO KOBRANTZAREN ALDE!

STEILAS – ELA- CCOO – UGT