5 hilabete igaro dira EAEko Gizarte Ekimeneko Zentroetan apirilaren 25ean egin genuen greba-egunetik. Kristau Eskola eta AICE patronalak hitzarmen berriaren negoziazioa blokeatzen ari direla salatzen dugu. Proposamen serioa eta edukiak dituena eskatzen diegu, negoziazioan aurrera egin ahal izateko. Ikasturte berri bat hasi da eta patronalek ez dute oraindik seinalerik eman. 2021, 2022
eta 2023ko soldata-igoerak, beraz, negoziatu gabe daude oraindik. Bitartean, Hezkuntza Sailak 2 urteko ikasgelak ituntzea erabaki du, ikastetxe pribatuen finantzaketa berriro handituz, dirua langileen lanbaldintzak hobetzeko erabiltzen dela bermatzen duten kontrolneurriak aplikatu gabe.

Hezkuntza Sailak ordainketa eskuordetuko soldata-taulen igoera aplikatu du, bere aldetik, irailaren 1etik aurrera, hitzarmenekoak gaindituz. Kasu horretan, ikastetxeei TEJI gisa kontratatuta dauden 2 urteko gelako langileen soldatetarako kopuru bat ematen die, eta kopuru horrek kategoria horretarako indarrean dagoen hitzarmenean ezarritako soldata ia % 19 gainditzen du. Langile batzuen kexak iristen ari zaizkigu dagoeneko. Ikastetxe batzuek ordainketa eskuordetuan dauden TEJIei eskatzen diete hitzarmeneko soldataren eta ordainketa eskuordetuaren arteko aldea eman
diezaiotela ikastetxeari.

STEILASek TEJIak ordaintzeko diru publikoarekin geratu nahi duten ikastetxe batzuen jarrera salatu nahi du. Ez da horrelako zerbait gertatzen den lehenaldia. Patronalei negoziazio kolektiboa desblokeatzeko eskatzen diegu, eta Hezkuntza Sailari, berriz, kontrol-neurri eraginkorrak aplikatzeko, diru hori behar bezala erabil dadin.
STEILASek oso argi dauka diru hori TEJIentzat dela, eta hitzarmeneko taulen eta ordainketa eskuordetuko taulen arteko aldeak ez zaizkiola ikastetxeari eman behar. Ikastetxeek nominetan adierazi behar dute zenbateko horiek hitzarmenaren kontura kobratzen direla.

Argi dago mobilizatzeko garaia heldu dela, STEILASek borrokari eutsiko dio!