Grebak urriak 17,18 eta 19an eta abenduak 11 eta 15 bitarte deitu ditugu. Lan Hitzarmenaren negoziaketa dute helburu. Apirilaren 25ean egindako grebatik 5 hilabete igaro diren arren, patronalek negoziazioa blokeatuta izaten jarraitzen dutela salatu dugu ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok.
Apirilak 25eko greba egunaren ostean, patronalek beraien immobilismoan errotuta jarraitzen dute. Bost hilabete igaro dira greba egun hartatik eta sindikatuok ez dugu euren berririk izan. Greba aurretik bidali genien negoziaketa eskaerari ere muzin egin diote.
Hori horrela, eta ikasturte amaieran adierazi genuen bezala, sindikatuok greba eta mobilizazio dinamika indartzea beste aukerarik ez dugu izan Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek edukizko proposamenak mahai gainean jar ditzaten. Horregatik Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileak 8 greba egunetara deitu ditugu. Grebak Urriak 17tik 19ra bitarte eta Abenduak 11tik 15era izango dira.
Greba egunen aurretik manifestazioa egingo dugu Bilbon urriaren 10ean arratsaldeko 18: 15ean.
Greba egun hauen ostean Lan Hitzarmena sinatzeko balizko edukirik ez badago urtarrilean greba dinamika indartuko dugu. Hau horrela, ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei negoziaketari ekiteko galdegiten diegu.
Eusko Jaurlaritzak ere badu zeresanik. Horregatik hain zuzen ere, Hezkuntza Sailari biltzeko eskaera egingo diogula iragarri dugu blokeo egoeraren berri emateko.
Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak abordatzeko planak ere jomugan ditugu sindikatuok.
Sindikatuok egindako prentsa oharra irakurtzeko: Prentsa_oharra
Leave A Comment