Orduan bezalaxe, sektore publiko osoko grebetaz gain, hezkuntzakoan ere parte hartzeko gonbidapena luzatzen diogu berriro STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuok. Grebak uztartzea da aldarrikapen propioak zein sektoreko grebak indartzeko tresna.
STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuak sektore publiko osorako urriak 25 eta abenduak 19ko greben deitzaileak gara. Baita hezkuntza publiko ez unibertsitarioko hezkuntza saileko irakasle, heziketa bereziko langile zein sukalde eta garbiketako langileei zuzendutako urriak 24ko grebaren deitzaile ere.
Azken urteetan, gobernuen eta alderdi politikoen erabakien ondorioz, zerbitzu publikoak ahulduz joan dira, hauen artean hezkuntza publikoa. Ahultze horren arrazoi nagusietako bat langile publikoen lan-baldintzen gainbehera da.
Sindikatuok zinez uste dugu sektore publiko osoko grebak eta hezkuntza publikoko greba sektorialak ezkontzen dituen greba dinamika dela egoera hau iraultzeko modurik eraginkorrena. Aldi berean, argi dugu orain dela une egokia greba hauekin hasteko, hurrengo hilabetetan negoziaketa erreal bat aktibatzeko aukera egon dadin.
Hori horrela, joan den ikasturtean ekin genion greba planteamendu honi eta horretarako 2023ko maiatza eta ekainean izan genituen bileretara hezkuntzan ordezkaritza dugun sindikatu guztiak izan ziren deituak. Bai sektore publiko osoko bileretara, bai hezkuntza publikokoetara ere. InterinokTaldea ez zen bilera bakar batera ere etorri, eta LAB bileretara etorri bazen ere, ez zuen bat egin sektore publikoko grebez gain hezkuntza publikoan ere greba gehigarriak aurrera eramateko planteamenduarekin. Sektore publiko osoko dinamikan soilik egotea aukeratu du LABek, hezkuntzako grebetan ez egoteko erabakia hartuz. Bere hitzetan, hezkuntza legearen testuinguruan hezkuntza sailarekin sinatutako akordioak hezkuntzako mahai-sektorialetan zer ematen duen ikusi nahi duelako. Beraz, argi gelditzen da LABek ez duela momentu honetan hezkuntza sailarekin konfrontaziorik nahi, nahiz eta funtzio publiko osoan grebak deitzerakoan urriaren 24ean ditugun aldarrikapen berdinak mantendu.
LABen erabakia zilegi da, eta errespetatzen dugu. Baina besteona ere erabat zilegi da. Greba, mobilizazio eta negoziazio kolektiboaren inguruko estrategietan desadostasunak izatea zilegi da. Sinatutako akordioek baldintzatuta egotea uler dezakegu. Baina ez da onargarria greba dinamika batetik kanpo geratu izana justifikatzeko gainerakoek bazterrean utzi zaituztela esatea, horrela izan ez denean.
LAB uneoro izan da greba dinamika honen jakitun, eta bere erabakia izan da hezkuntza publikoko grebetan ez egotea. STEILAS, ELA eta CCOOek, ia %60ko ordezkaritza daukagu grebara deitutako esparruan. Hala ere, hezkuntza publikoko langileen hobe beharrez, azken unera arte luzatu diogu hezkuntzako grebetara ere batzeko gonbita. Are gehiago, prentsaurrekoa atzeratzera iritsi ginen LABekin bildu eta greba hauetara atxikitzeko azken saiakera egiteko.
Gertatuak gertatu, gaur gaurkoz ere LABi hezkuntza publikoko grebara batzeko gonbita luzatzen diogu Hezkuntza publikoko STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuok.
Leave A Comment