Beste urtebetez hemen elkartu gara azaroaren 25ean, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunean, Euskal Herriko hiriburuetan nahiz herri ezberdinetan egingo ditugun mobilizazioak iragartzeko.
Azken urte hau, aurrekoak bezala, lazgarria izan da indarkeria matxistari dagokionean. Euskal Herrian lau emakume eta haur bat erailak izan dira. Aski da! Nazkatuta eta oso haserre gaude, barrenak sutan ditugu! Besarkada bana eta babes osoa erailak izan diren emakumearen eta haurraren senide eta lagunei, Euskal Herriko Mugimendu Feminista beti izango duzue alboan.
Urtero diogun bezala, gertakari latz horiek indarkeria matxistaren muturreneko ondorio dira, baina badakigu indarkeria matxistak aurpegi ugari dituela eta emakume*, trans eta bollerok gure egunerokotasunean pairatzen dugula indarkeria hori; lantokietan, kalean, etxean, eskolan, lagun artean.
Indarkeria hori ez da ausaz gertatzen den zerbait, sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista batek sostengatzen duen egitura baten tresna ezinbestekoa da. Indarkeria horretaz baliatzen da desberdinkariak eta zapalkuntza anitzak sortu eta bere horretan mantentzeko. Horren aurrean guk beste behin ere, eta aspertuta gaude hau behin eta berriro errepikatu behar izateaz, erakundeei dagokien ardura hartzeko exijitzen diegu. Gai honek lehen lerroan egon behar du agenda politikoetan eta, atzean egiturazko neurririk ez duten argazki eta proposamenek ez digute ezertarako balio. Nazkatuta gaude feminismoetatik proposatzen ditugun aldarri ezberdinak hartu eta horiekin egiten duzuen zuriketa morearekin; gure diskurtsoaz jabetu, hitz politekin jarri, azaleko proposamenak egin eta ezertarko balio ez duten argazki instituzionalak atera. Bada, ez! Gurekin jai duzue!
Era berean, gizonei ere dagokien ardura har dezaten eta haien praktikak behingoz alda ditzaten exijitzen diegu. Utzi sistema honen konplize izateari!
Bestalde, indarkeria matxistaz ari garen honetan, egun aproposa iruditzen zaigu, hamar egun barru dugun azaroaren 30eko greba feminista orokorra aipatzeko. Prekarietatea, lan baldintza miserableak eta emakumeok egiten dugun lanari (zaintza lanei) baliorik ez ematea ere indarkeria da, egiturazko indarkeria.
Azkenik, eta aurreko lerroetan aipatu bezala, datozen egunetan bi mobilizazio garrantzitsu ditugu. Azaroaren 25ean kalera aterako gara, aski da! Ozen ohiukatzeko eta azaroaren 30ean ere berdin egingo dugu. Euskal Herriko Mugimendu Feministak, beste behin ere, antolatzeko duen gaitasuna erakutsiko du. Argi dugulako hori dela bidea eta gure arteko aliantzak eraikitzea eta autodefentsa feministaz baliatzea izango direla gure tresnarik eraginkorrenak.
Beraz, larunbatean hauek izango dira mobilizazio nagusiak: Donostian, 12:00etan Bulebarretik, Bilbon, 18:00etan Jesusen Bihotzatik, Gasteizen 12:30ean San Anton plazatik, Iruñean 18:00etan Gaztelu plazatik eta Baionan 17:00etan Askatasun plazatik.
Adi gainontzeko herri eta auzoetako mobilizazioei!
Gora borroka feminista!
Euskal Herriko Mugimendu Feminista
Leave A Comment