Hezkuntza Sailak gure aldarrikapenei edukizko proposamen bat egin gabe jarraitzen du.

Dakizuen bezala azaroaren 8an mahai sektoriala izan genuen eta azaroaren 20an beste bat, lan-akordio berri baten bidean artikulu batzuen (1-54. artikuluak) lanketa gauzatu eta sindikatuen ekarpenak baloratzeko.

STEILASek ekarpen asko egin dizkio Hezkuntza Sailaren proposamenari, baina sindikatuaren ekarpen garrantzitsuenak ez dira bertan jaso. Orain arte 18. artikulura arte soilik landu da, beraz, lan asko dago oraindik egiteko.

Laburbilduz, esan dezakegu artikulatuaren proposamena ez zaigula onargarria iruditzen, arlo askotan lan-baldintzak okertzeko proposamenak daudelako eta beste gai batzuetan konkrezio falta nabaria delako. Ezin gara asmoetan oinarritu, idatzitako lan-baldintzen hobekuntza zehatzetan baizik.

Urriaren 24 eta 25ean Unibertsitatez kanpoko Hezkuntza Publikoan grebak deitu genituen lan-baldintza hobeak aldarrikatuz. Sindikatuon eskaera batzuk onartu dituzten arren, hauek kudeaketakoak dira eta, funtsean egoerak bere horretan jarraitzen du. Egoera larria iruditzen zaigu. Kontuak hala, mahai negoziatzaileak ez badira edukiz janzten mobilizazioetara jotzea besterik ez zaigu geratuko lan-baldintzak benetan hobetu eta atzerapausorik ez jasateko.

Lan akordiorako aldarri garrantzitsuenak STEILASentzat:

– Erretiratzeko neurri zehatzak behar ditugu 60 urtetatik aurrera! Ezin erretiratu 63-65-67 urte bete arte kasu askotan.
– Lan zama arindu behar da. Egunetik egunera dugun lan-kargaren igoera jasangaitza da, behera egin beharra du!
– Hezkuntza Sailaren langileekiko arreta berreskuratu behar dugu!
– Kontziliaziorako neurri errealak behar ditugu!
– Ordezkoen udako kobrantza berreskuratu!
– Eros ahalmenaren %20ko galera berreskuratzeko plan bat behar dugu.
– Oposizio-lehiaketarako eta Lekualdatze-Lehiaketarako plazen eskaintzen gardentasuna behar dugu.
– Oposizio-lehiaketa gainditu baina plazarik lortzen ez dutenen artean ordezkoen lehentasunezko zerrendarik ez!
– Ordezkapen guztiak lehen egunetik!

Aurreko lan-akordioa ordezkaritza gutxiengoan (%10a baino gutxiago) sinatu zen. STEILASek ez du sekula gutxiengoan akordiorik sinatzen, baina sindikatu guztiek ez dute irizpide bera. Nahikoa da sindikaturen batek sinatzea proposatzen dutena urte batzuetarako okerkuntzak finkatzeko. Momentua kritikoa da!

Hezkuntza Sailak ez digu beste biderik uzten eta negoziazio mahaietan gure aldarrikapenei erantzuteko edukiz beteriko proposamenik izan ezean, argi dugu mobilizazioak mahai gainean jarri beharko ditugula.

Lan akordio duin bat behar dugu!