Doakotasunaren txanponaren beste aldea: kontratazioaren prekarizazioa, familienganako kontrola eta inposatutako araudiak.
Haurreskolak Partzuergoko azken Mahai Negoziatzailean aurkeztu zaigun proposamena onartezina da: Lan erreformak interinitatea eta prekarizazioa gutxitzeko arautzen duen kontratatazio irizpideen urraketatik gertuago dago. Araudiak behin behineko kontratuak gehienez 6 hilabetekoak izan daitezkeela dio. Enpresaren proposamena 9 hilabetekoak izatera pasatzea da, sindikatuon onarpena beharko lukeelarik. Jakinda, 24 hilabetetan gehienez 18 egon daitekeela lanean behin behinean; STEILASek behin eta berriz eskatu duen lanpostuen estrukturalizazioaren kontrako norabidean doa kontratazio politika hau. Lanpostuen behar izana dagoela jakinda, kontratu mugagabeak egitea proposatzen du STEILAS sindikatuak, lanpostuen estrukturalizazioa gauzatuz. Sindikatuok legez kanpoko proposatutako prekarietate hau onartu ezean, Haurreskola Partzuergoa ahuldu eta ikaspostuak mugatuko zituelaren mehatxua bota zuen Administrazioak.
Hori guztia gutxi balitz, Eusko Jaurlaritzak diru publikoaren 12.250.000,00 miloi euro, gutxienez, bideratuko ditu 0-3 bitarteko zentro pribatuetara, Haurreskola Publiko Zerbitzuaren mugatzearekin mehatxatzen duen bitartean. Mugatze horretan familiei ezarri zaizkien baldintzak eta kontrola daude.
Agerian geratzen da Haurreskolak Partzuergoa doakoa eta unibertsala izatea ez dela lehentasuna Hezkuntza Sailarentzat; izan ere, doako zerbitzu bat eskaintzeak dakarren matrikulazio igoeraren
aurrean, baliabide pertsonalak ezartzeko inbertsiorik ez bada egiten eskaintza publikoa ahuldu egiten da eta zerbitzuaren kalitatea eskastu. Horren erakusle aurtengo matrikulazioa izan da. Hiriburuetan batez ere, ikaspostu publikoen eskaintza urria izan da, familia asko kanpoan geratu direlarik. Horregatik, hurrengo urteei begira, Haurreskoletako ikaspostuak ere handitzea beharrezkoa da, unibertsaltasuna bermatzeko.
Beste alde batetik, familiek jasotzen duten zerbitzuan eragin zuzena izango du, hornikuntza aldetik ez bada plantilaren nahikotasuna eta egonkortasuna bermatzen, horiek jasoko duten zerbitzua ez da benetako beharretara egokituta egongo.
Doakotasuna eta unibertsaltasuna saltzen denean Euskal Autonomiako Hezkuntza lege proiektuaren erakusleihoan, alferrikakoa da egoerari aurre egiteko beharrezkoak diren baliabideak erabiltzen ez badira eta, aldi berean, sare pribatuarekin orekak egin nahi badira.
STEILASetik benetako zerbitzu publikoa, doakoa eta unibertsala exijitzen dugu!!
Leave A Comment