Patronalen proposamenak ez du erosahalmena bermatzen, ezta lan kargak arintzeko neurririk ere, eta enplegua bermatzeko neurririk eta sektore feminizatuentzako hobekuntzarik gabe jarraitzen du. Gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu Jaurlaritzak. Hezkuntza laguntza espezialisten kasuan, egun arruntetan baino espezialista gehiago kontratatu beharko lituzkete eskolek agindua betetzeko.

 

Bilboko LHKn sindikatuen eta patronalen arteko bilera akordiorik gabe amaitu da, patronalek ez dutelako aurrapausorik eman. Pasa den astean izandako bi bileretan, sindikatuok langileen eskaerei erantzungo zien proposamena egiteko eskatu genien Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei. Eduki horiek orain hiru urte hitzarmena iraungi zenetik eskatutakoak dira, eta hala ere jakinarazi genien pasa den asteko bileretan.

Patronalak, ordea, ‘etxeko lanak’ egin gabe etorri dira. Adostasunerako gakoak diren gaietan ez dute hobekuntzari proposatu. Esaterako, erosahalmena bermatu gabe jarraitzen dute, lan kargak arintzeko neurririk ez dago, enplegua bermatzeko neurri zehatzik ere ez, eta sektore feminizatuentzako hobekuntzarik gabe etorri dira gaurko mahaira. Lanbide Heziketan zein gainerako gaietan oso eskasak diren edukiak ere ekarri dituzte.

Hori horrela, sindikatuok urtarrileko grebei eutsiko diegu, agerikoa baita greben eraginez soilik mugitzen direla patronalak. Aldi berean, sindikatuok erabateko prestutasuna azaldu dugu gaurko bileran funtseko gaietan proposamena landuta dutenean behar beste biltzeko eta adostasunak lortuz gatazka bideratzeko.

Era berean, sindikatuok AMPAri adierazi diegu euren kezka partekatzen dugula eta egoera lehenbailehen bideratzeko borondatea dugula. Horregatik, eurekin biltzeko gonbitea luzatu diegu.

Bihar grebei begira, Eusko Jaurlaritzak argitaratu berri du zerbitzu minimoen agindua. Aurrez ezarritakoak gehiagizkoak baziren, orain pauso bat gehiago eman du. Hezkuntza laguntza espezialisten kasuan, ezarritako zerbitzu minimoak betetzeko egun arruntetan baino espezialista gehiago kontratatu beharko lituzkete eskolek. Eusko Jaurlaritzari gehiegizko zerbitzu minimoak ezartzeari utzi, eta gatazka bideratzeko esku har dezala galdegin diogu sindikatuok.

Sindikatuon helburua honako hau da: langile guztien erosahalmena bermatzea, lan kargak arintzea, enplegua bermatzeko neurriak jasotzea, sektore feminizatu eta prekarioenen baldintzak hobetzea, eta Lanbide Heziketa modu egokian arautzea. Horrekin bat, euskalduntze planak, berdintasun planak eta lan osasuna bermatzeko (bereziki arrisku psikosozialak) plangintza eta neurriak hartzea bermatzeko aurreikuspenak ere behar dira.