Urtarrilaren 8an Nafarroako Gobernuak iragarri zuen 2024-25 ikasturtean 0-3 zikloa doakoa izanen zela Nafarroa Garaiko haur eskola publikoetan, hau da, Hezkuntza Departamentuaren eta udalen eskoletan. Doakotasuna jasoa dago 2023-2027 akordio programatikoan, baina horrekin batera jasotzen da ratioen jaitsiera eta eskola berriak eraikitzea, eta hori hurrengo ikasturtean ez da beteko (haur eskola “berri” bakarra Erripagañakoa da, Burlatan bertan zegoena ordezkatzeko egin dena).
2022-23 ikasturtean Hezkuntza Departamentua aritu da ahalik eta ikaspostu gehien ateratzen eskola bakoitzean, gehiegizko ratioen arazoa areagotuz. Badirudi helburua dela ahalik eta haur gehien sartzea, eskolak handitu eta behar bezala egokitu gabe, aipatutako akordioan adostutakoari muzin eginik.
Ziur aski, doakotasunak matrikulen igoera ekarriko du eta haur eskoletan ikaspostu nahikorik ez da izanen eskari guztientzat. LOMLOEk ahalbidetzen du 2 urteko haurren gelak zabaltzea Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan; gainera, PSOEk eta Sumarrek adostu dute 2 urteko haur guztien eskolatzea estatuko gobernu akordioarako.
2 urteko haurren gelak zabaltzen badira Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan, 0-3 zikloa hautsiko da, arriskuan jarriko dira Nafarroako haur eskoletako hezitzaileek garatutako proiektu pedagogikoak eta galduko dira adin horretan adituak direnak.
Era berean, ikastetxe horiek ez daude egokituta adin horretako umeak hartzeko; haur eskoletan hezitzailea uneoro erreferentea da umearentzat eta hori galduko da ikastetxeetan. Hortaz, zailtasunak sortzen dira patioan, komunetan, pasabideetan, jantokian, garraioan, etab. Bestalde, ikastetxe batzuetan ez dago gela aski beste maila bat sartzeko eta, dagoenean, eragozten ahal da aukera ratioak gainontzeko mailetan jaisteko.
Bidenabar, Hezkuntza Departamentua prestatzen ari den foru aginduan (ikasleak haur eskoletan onartzeari buruzkoan) ez dira aipatzen “haur eskola publikoak”, baizik eta “funts publikoekin finantzatutako haur eskolak”. 3 urtetik aurrerako zikloetan eta etapetan eskola mapa ezarria dago eta familiek badute eskubidea umeak haiek nahi duten hizkuntza ereduan eskola publiko batean matrikulatzeko. Foru agindu berri horrekin, eta 0-3 zikloaren eskola maparik ez dagoenez, beldur gara has daitekeela 2 urteko haurren gelen ituntzea ikastetxe pribatuetan, nahiz eta akordio programatikoak ondokoa esan: “itundutako gelen kopurua ez handitzea eta itundutako gelak gutxitzea eskaria nahikoa ez denean”.
Gaur egun familiek maiz ezin dute euskarazko eredua hautatu 0-3 zikloan eta euskarazko eskaintza ez da bermatuko hurrengo ikasturtean, nahiz eta akordio programatikoan adierazi: “A eta D ereduen eskariari erantzuteko konpromisoa, 15/2015 Foru Legeari jarraikiz”.
Nafarroako Gobernuaren doakotasunaren iragarpen efektistaren atzean zenbait alderdi ezkutatzen dira: inbertsio eza haur eskola berrietan, hezitzaileen lan baldintzak okerragotzea, 2 urteko haurren gelak zabaltzea baldintza desegokietan, euskarazko eskaintza ez bermatzea, gela gehiago ituntzea ikastetxe pribatuetan eta aurrerapenik ez egotea zikloaren kudeaketa bateratuan. Hori al da “aurrerakoia” izatea?
Leave A Comment