Atzo Mahai Negoziatzailearen bilera burutu genuen Lan Hitzarmenaren negoziazioarekin jarraitzeko.
STEILAS sindikatuak atzo bidalitako aldarrikapenen plataformako eduki asko landu ziren (1etik 28 artikulura): kontratazioa, lanpostuen zerrendak eta lanpostuak egonkortzeko prozedurak, soldatak, gazte-berritze plana, desplazamenduak, ratioak, Hezkuntza Sailaren kudeaketa zuzena, urteko lanaldia, koordinazioa eta eguneroko prestakuntza… Administrazioari argi esan genion gure eskaerak eta haien eskaintzak elkarrengandik oso urrun daudela.
- Ratioetan ez dago aldaketarik; 2002ko errege dekretuan aipatzen direnak mantentzen dituzte (hezitzaile bat gelako) eta hobekuntzak Lan Hitzarmenetik kanpo utzi dituzte, akordio partzialen bidez negoziatzeko aukera txertatuz.
- Txanda egunak kenduko dizkigute eta horien truke 2 egun gutxiago irekiko dira haurreskolak.
- Urteko lanaldian ez dituzte orduak murriztuko.
- Eros-ahalmena eta erretiro kontratuak mahai orokorreko erabakien menpe utziko dituzte inongo onurarik gehitu gabe.
Martxoaren 21ean beste mahai negoziatzaile bat egingo dugu eta administrazioak gure eskaeretara gerturatzeko asmoz, beste zirriborro bat bidaliko digu.
Bestalde, urtarrileko mahai negoziatzailean egindako galderaren erantzuna jaso genuen; Zuzendaritza Batzordeak haurren onartze eta izen emate araudian aldaketa txiki batzuk txertatuko ditu. Hala ere, ikasleak onartzeko baldintzak ez ditu aldatuko eta haurreskoletako zerbitzu ordutegietan ez du aldaketak egiteko inongo asmorik. Hortaz, STEILAS sindikatuak hasieratik gogor kritikatu dituen puntuak bere ezean mantenduko dira.
Administrazioak aurreko urtean proba pilotutzat saldu zigun arratsaldeko zerbitzua ez da arrakastatsua izan, baina zerbitzuarekin aurrera jarraitzea erabaki duela baieztatu zigun. Gerentea hiriburuetako udaletxeetako arduradunekin harremanetan dago arratsaldeko zerbitzua zein hiru haurreskoletan eskainiko den erabakitzeko.
Amaitzeko, STEILAS sindikatuak berriro eskatu zuen 2025-2026 ikasturterako Haurreskolak Partzuergoko izen ematea aurreratzea eta ikastetxe guztiekin batera egitea. Luze hitz egin ostean gerenteak eskaeraren inguruko azterketa bat egingo duela baieztatu zuen.
Haurreskolak Partzuergoa estutzen jarraituko dugu eduki gehiago mahai gainean jartzeko. Hori dela eta, zuen laguntza eskatzen dugu, martxoaren 12an kaleak betetzeko.
Leave A Comment