Estatuko gobernuak dekretu legegile bat onartu zuen ekainean, langileentzako eskubide berriak ezartzen zituena. Eskubide horiek jada autonomia erkidego guztietan dituzte, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileek izan ezik. Horien artean sartzen dira semea, alaba edo harreran hartutako adingabea zaintzeko 8 asteko ordaindu gabeko guraso baimena, familiakoekin edo bizikideekin lotutako premiazko familia arrazoiengatik 4 egunera arteko ezinbesteko baimen berezia, ezkontidearen, izatezko bikotekidearen edo bigarren mailara arteko senidearen istripu edo gaixotasun larriagatik, ospitaleratzeagatik edo ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoagatik 5 eguneko baimena, izatezko bikote egiteagatik ordaindutako 15 eguneko baimena edo kontziliazio arrazoiengatik lanaldia egokitzeko aukera.

Nafarroako Gobernuak argudiatzen du eskubide horiek ez aplikatzeko, Nafarroak eskumen esklusiboa duela funtzio publikoaren arloan langile publikoen estatutu araubidearen gainean, eta araudi berekia eskubide horietara egokitu beharra duela.

Ez dugu ulertzen eta ez gatoz bat gobernu aurrerakoi batek bere araudietan langile publikoentzako hobekuntza horiek berehala ez ezartzearekin, eta gai honetan beste alde batera begiratzen jarraitzearekin, estatu mailan abian jarri eta ia 9 hilabetera.

STEILASek bide judizialetik eta negoziazio mahaietan honen alde borrokan jarraituko du, irakasle guztion kontziliaziorako hobekuntza horiek lehenbailehen Nafarroako administrazio osoan eta hortaz, hezkuntza publikoan ezar daitezen, gobernuari exijituz, bere eskumenen arabera lehenbailehen aplikatzeko langileei.