Igandean, berriz ere, ELA, LAB, ESK, STEILAS sindikatuek eta Martxoak 3 elkarteak deitutako mobilizazioan adin guztietako milaka lagunek hartu zuten parte, martxoaren 3ko sarraskiaren 48.urteurrenean.

48 urtez, 1976ko martxoaren 3an poliziak zauritutako eta erahildako pertsonentzako egia, justizia eta erreparazioa etengabe eskatu dira, eta eskaera hori une bakoitzeko gizarte- eta lan-errebindikazioekin lotu da beti. Hori guztia egin izan da mobilizazio herrikoien bidez; mobilizazio hauek urtez urte hazten joan dira eta Gasteiztar langilegoak hasitako borrokaren garra bizirik mantentzen dute.

Martxoaren 3a ikuspegi herrikoi eta aldarrikatzailetik ulertzen dugu. Horrela, aurten pertsona guztientzako etorkizun justua aldarrikatu dugu, eta aitortza berezia egin diegu orduko borroka eta bizitza posible egin zuten emakumeei eta gaur egun zaintzaren sektorean beren eskubideak borrokatzen eta aldarrikatzen jarraitzen dituztenei.

Zentzu horretan, gaur, agerraldi masibo honetan, manifestatzeko eta martxoaren 3a aldarrikatzeko eskubidea berretsi nahi dugu, errepresiorik jasan gabe. Ez da onargarria martxoaren 3ko memoriak urtero poliziak zauritutako pertsonak gehitzen jarraitzea. Eraso horiek etengabe birbiktimizatzen dituzte poliziaren erasoak jasan dituztenak, 1976ko hilketetatik hasi eta 48 urte luze hauetan jasandako kargetara arte.

Agerraldi masibo honen bidez, gainera, elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu Ertzaintzaren kargen ondorioz zauritutako pertsona ugariei, bai eta atxilotutako lau pertsonei ere, hauek erabili baitituzte Ertzaintzaren jokabidea justifikatzeko, jokabide horrek ehunka pertsona arriskuan jarri zituelarik. Ertzaintzaren karga horiek oso larriak dira, erabat onartezinak, eta ezin dira berriro errepikatu. Hori dela eta, berriro eskatzen dugu gertatutakoagatik erantzukizunak argitzea eta etorkizunerako beharrezkoak diren neurriak hartzea.

Sindikatuak eta elkartea arduratzen gara urtero mobilizazioaren prestaketaz eta antolakuntzaz, honen funtzionamendu egokia bermatzeko eta bertan parte hartzen duten pertsonak babesteko. Hemendik, igandean lan hori bere gain hartu zutenen lana eskertu nahi dugu, kalte handiagoak saihestu baitzituzten. Martxoaren 3ko memoriak Gasteizen inoiz baino biziago jarraitzea ahalbidetzen duten pertsona eta kolektibo guztien lankidetza azpimarratu nahi dugu, urtez urte bizi garen sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkal bidegabe honen aurkako borrokak txertatuz. Horiek guztiak ezinbestekoak dira martxoaren 3ko oroitzapenean, eta Gasteizko eta Euskal Herriko memoria kolektiboaren parte dira.

Amaitzeko, mezu argi hau helarazi nahi dugu: errepresioaren gainetik, martxoaren 3a gogoratzen jarraituko dugu, kaleetan aldarrikapen sozial eta laboralak modu masiboan erreklamatzen jarraituko dugu, adin guztietako pertsonaeki eta kolektibo sozialekin.

Martxoaren 3 herrikoiaren alde. errepresiorik gabe.

GORA MARTXOAREN 3a ETA GORA LANGILEON BORROKA!