Martxoaren 7an onetsiko da 2024rako Nafarroako Aurrekontuei buruzko Lege Orokorra, eta bertan ez da partidarik jasotzen aurten gauzatu ahal izateko STEILAS, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok planteatutako eskaerak.
Sindikatuak azken egunotan Parlamentuko taldeekin bildu gara, hezkuntza publikoko irakasleen arazo eta kezken berri emateko eta egoera hori konpontzeko beharra ikustarazteko.
Bileretan sindikatuok Parlamentuko taldeei azaldu dizkiegu irakasleen erosahalmenaren galera metatua eta jasaten dugun lan gainzama. Azpimarratu dugu premiazkoa dela Hezkuntza Departamentuarekin negoziazioa hastea, eta nabarmendu dugu negoziazio horretan Parlamentuko taldeek duten garrantzia.
Nafarroako irakasleek azken urteotan erosahalmenaren % 17tik gora galdu dugu. Horri gehitu behar zaio egungo aniztasun izugarriak eragindako lan gainzama, ratio handiak, irakasleek osatu beharreko dokumentazio kopuru itzela, jasaten dugun prestakuntzarako presio gehiegizkoa, egunero erantzun beharreko hezkuntza erronka ugari, etab.
Parlamentuko taldeek badute arazoen berri, eta prest daude irtenbideak ematen laguntzeko, nahiz eta asmo horiek ez diren islatu aurrekontuetan. Sindikatuok prest gaude Hezkuntza Departamentuarekin hitz egiteko, baina negoziazioa ez da iritsi. Horregatik, dei egiten diegu Parlamentuko taldeei, eska diezaioten Hezkuntza kontseilariari Negoziaziorako Mahai Sektoriala lehenbailehen deitzea, sindikatuok planteatutako puntu guztiak bilduko dituen negoziazio-egutegi batekin.
Leave A Comment